«Oso gogorra izan da ukrainarren esku egotea; torturatu egin naute»

OXANA KIRILUK. LUHANSK-EKO MILIZIETAKO KIDE OHIA, ASKATU BERRIA

Milizianoz jantzitako ukrainar soldaduek atxilotu, eta orain gutxi arte Aidar batailoiaren esku egon da Oxana Kiriluk. Preso truke batean askatu zuten, eta guda ahaztu nahian ari da. Zail dauka, Luhansken.

Luhanskeko erresistentziako lerroetan jatorri eta ideologia askotako jendea aurkitu daiteke, baina, horren guztiaren gainetik, «Ukrainako faxismoaren aurka» bere herria askatu nahi duten herritarrak. Oxana Kiriluk Luhanskeko defentsan aritu zen herri milizietan, eta abuztuaren 27an preso hartu zuen Ukrainako armadak, bere etxetik gertu. Errepideko kontrol batean gelditu eta bertan atxilotu zuten: «Traidoreek atxilotu ninduten errepide kontrol batean, autotik ateratzeko esan, eta armarekin kolpe bat eman zidaten aurpegian».

Traidoreak milizianoz jantzitako ukrainar soldaduak dira, hirian asko dabiltzala dio Kirilukek, «arriskutsua» dela kalean bakarrik edo gauez ibiltzea. Autoan zihoazen denak atxilotu zituzten, eta Aidar batailoiaren eskuetara heldu ziren. Zurbil gogoratzen ditu, oraindik ere, Ukrainako batailoi ultranazionalistaren esku bizi izandakoak. «Oso gogorra izan da ukrainarren esku egotea; torturatu egin naute».

Urriaren 27an askatu zuten Kiriluk, beste dozenaka milizianorekin batera, Kieven eta Luhansken arteko preso truke batean, eta, oraindik ere, izua nabari zaio aurpegian. Kokatu gabe dago oraindik Luhansken, eta Herri Administraziora doa egunero informazio bila. Familiarekin berriz ere batu izana hunkigarria izan da berarentzat: «Atxilotua izan nintzela jakitean, Luhanskera etorri zen familia; ez zuten luzaroan nire berririk izan, hilda nengoela uste zuten».

Luhansk hiriak abuztuan jasan zuen erasoaren ondorioz, Kiriluk izan ezik, etxeko guztiak Sotxin (Errusia) errefuxiatu ziren, eta Luhanskera ez ziren hain azkar itzuliko, atxilotu zutela jakin ezean. Bagdan bere haurrari tristuraz begiratzen dio askotan, pozik berarekin egoteaz, baina atsekabez haurrak bizi izan duena gogoratuz: «Bonbardaketen ondoren oso gutxi hitz egiten du Bagdanek, pena handia da».

Askatasuna berreskuratuta, guda alde batera utzi eta familiarekin egon nahi du aldi batez. Asko hunkitzen da ziegakideekin berriz ere elkartzen denean, hil egingo zituztela uste izan baitzuten guztiek.

«Animoa eta borrokarako grina ez zaio falta Kiriluki», Ina haren lagunaren esanetan, «Aidar batailoiaren eskuetan egotea ez da broma, jendea labanez zatitu egin dute, haurrak, aitona-amonak…». Ia negarrez begiratzen dio Inak etorkizunari: «Ez dut ukrainarren eskuetan erori nahi, nahiago dut hil. Granada bat eramango dut soinean Ukrainako armadak Luhansk inbaditzen badu, atxilotzen banaute ireki eta hiltzeko. Bizirik aterako banintz, torturatu egingo nindukete, eta gero gobernu faxista baten pean biziko nintzateke; ezingo nuke hori jasan».

Halakoxeak dira gerrak ematen dituen testigantzak. Luhanskeko milizianoak prest daude erresistentziarako, baina ez da hain argia biztanleak hori bizitzeko prest ote dauden. Lamarak, Kiriluken alabak, argi esaten du: «Niregatik izango balitz, hemendik ihes egingo nuke, baina hori amore ematea izango litzateke».

 

 

LogoBerria

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s