Ukraina ekialdeko gatazka. Bizitza bonba artean (II) Su-etenaren arrastorik gabe

Luhansk iparraldeko fronteak argi erakusten du gerra ez dela amaitu Ukraina hego-ekialdean.

Luhansk hiriburutik etengabe entzuten dira bonba eta artilleria hotsak.

Lur Gil, Berriemaile berezia. Berria

escondidos-en-el-frente

Donbassen gerra ez dela amaitu argi erakusten du Luhansk iparraldeko fronteak. Orain arteko bake akordioek ez dute lortu gerrako ekintzak etetea, eta egunero daude borrokak Luhansketik kilometro gutxira. Gatazka konpontzeko borondaterik ez dagoenean, su-eten batek ez du askorik lortzen. Armak isiltzen direnean hitzari leku emateko izaten da, baina, hitzak lekurik ez duenean, armek besterik ez dute hitz egiten. Ukraina ekialdeko gatazkan hitz gutxi egon da orain arte, eta gerrak hartu du leku hori, urte erdi daraman gerrak.

Tarte honetan bake egoera baterako saio zenbait egin dira, baina Luhanskeko eta Donetskeko herri errepublikek ez dute Petro Poroxenkoren gobernua onartzeko asmorik, ez eta Kievek errepubliken auto-izendapena ere. Hori dela eta, «terrorismoaren aurkako operazioa» abiatu zuen Ukrainako Gobernuak maiatzean, 4.000 hildakotik gora utzi dituena NBEren esanetan, eta 14.000 baino gehiago ekialdeko milizien datuen arabera. «Gorpuak erre behar izan ditugu basoetan, ezinezkoa baita hainbeste gorpu hilobiratzea», dio Oleg Popov Novorrosiako Alderdi Komunistako parlamentariak. Luhanskeko frontean zauritu zuten Popov, grad baten metrailaz.

Duela bi aste hauteskundeak izan ziren Ukrainan, eta duela aste bat Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketan. Ez dira aldatu gobernuburuak, eta, beraz, egoerak berdin jarraituko duela aurreikusten dute askok. Poroxenkok hauteskundeak irabazita, iragarri zuen «operazioarekin» jarraituko zuela, ez zuela errespetatuko herri errepublikek orain arte lortutako lurraldea eta fronte lerroari erasoko ziola. Hitza bete du, eta armada Donetsk eta Luhansk inguruko fronteetan biltzen ari da.

Hauteskundeei dagokienez ere, biztanleek jarrera ezberdinak dituzte. Batzuek Luhansk eta Donetsk gobernatuko duten agintariengan daukate esperantza jarria. Beste batzuek, ordea, ez dute politikari profesionalik nahi; ez dute haien ekinean sinesten, milizietako komandanteenean baizik. Bakea gerra irabazita baino ez dutela lortuko dio Luhanskeko emakume batek: «Ezinezkoa da faxistek egin dutena ahaztea; denak akabatu nahi gaituzte, eta hala egiten ari dira».

«Ez dira pasatuko»

Luhanskeko frontea hiritik hamabost kilometro iparraldera dago gaur egun, Stanitxa Luhanskaia herrian. Hiriburutik bertatik etengabe entzuten dira bonba eta artilleria hotsak: eguneroko soinu bilakatu da. Autobide zabal batetik mugitzen dira herri miliziak hiritik frontera eta frontetik hirira. Beste autorik ez da ia ikusten, eta frontea gurutzatzen dutenek euren burua arriskuan jartzen dute frontearen zeharkaldian.

Frontetik hiru kilometro eta erdira autobia eten egiten da; bi zubi errepide erdian daude erorita, komunikabideak ixteko helburuz suntsituta. Mortero eta bonben arrastoak nabariak dira inguru osoan, errepidean bereziki, borroka gogorren lekuko. Aurrera egiteko, milizien kontrol postu bat igaro behar da errepide estu batetik ibaia gurutzatzen duen zubi bakarretik. Zubiaren bestaldea borroka gunea da.

Kosakoen batailoia dago Stanitxa Luhanskaiako frontean. Kieveko armadak aurrera egin du egunotan; hiritik gertuago kokatu da, eta miliziek dozenaka hildako izan dituzte; halere, fronte gogorra dute eratua Luhansk defendatzeko. «Ez dira pasatuko» oihua entzuten da gehien han.

Frontea gurutzatzen duen errepide bakarrean kontrol gogorra ezarria dute, zubi baten ondoan, behar izanez gero zubia bota eta Luhanskerako komunikabide guztiak ixteko. Segurtasun neurriak gogorrak dira; berrogei lagun inguru daude postuan, kalaxnikov ospetsuaz armaturik, eta atzeko muinoko lubakietan miliziano gehiago daude. Segurtasun kontuengatik, ordea, ezinezkoa da informazio hori ematea eta argazkiak ateratzea. Tentsioa nabaria da han, eta negu hotzak zaildu egiten du postuaren defentsa.

Muino baten atzean ezkutatzen da fronteko zaintza postua. Borroka gune osoa ikus daiteke handik, eta han daude lau miliziano gazte, batailoiko gainontzeko kideei Ukrainako armadaren kokaguneen informazioa talkieen bidez ematen. Prismatikoak eta lau kalaxnikov dituzte bertan, euren esanetan «armarik onena». Estatua erraldoi baten atzean daude ezkutatuta, etsaiek ikus ez ditzaten, eta oso ongi dakite non kokatzen den Ukrainako armada: «Ukrainar frankotiratzaileak daude aurreko herri horretan; horregatik, gordeta egon behar dugu», dio batek. Milizianoen kontrol postutik aurrera egitea ezinezkoa dela dio: «Drone ugari dituzte faxistek. Ezinezkoa da guk aurrera egitea, eta nahi dutenean azken erasoa jo eta Luhanskera sartuko dira».

Kieven erasoa gogortzen ari da, baina herri miliziak ez daude amore emateko prest. Egoera horrek borroka gogorrak iragartzen ditu hurrengo hilabeteetarako; milizianoek dioten bezala, «gerra hasi besterik ez da egin».

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s