Aidar batailoiaren gerra krimenak

Egun batetik bestera hartu zuen Ukrainako armadak ekialdeko Novosvetlivka herria. Jendeak ihes egiteko aukerarik ere ez zuen izan, eta giza ezkutu moduan erabili zituen Aidar batailoiak.

Berria

p024_f01

Ez dute berehalakoan ahaztuko Novosvetlivkako (Luhansk ekialdeko herria) biztanleek abuztu bukaeran jasan izan zuten infernua. Udako borroka gogorrenetakoak izan ziren han, ukrainar armadako Aidar batailoiak herria hartu ondoren.

Gaur egun, erabat suntsituta dago herria. Etxebizitzak, ospitalea, eskola, eliza, errepideak… guztiak daude hondarretan; jenderik ez dabil herriko kaleetan, eta tankeak daude oraindik ere etxebizitzen ondoan. Luhanskeko Gobernuak Aidar batailoi ultranazionalistak bertan egindako gerra krimenak salatu zituen, eta Amnesty Internationalek ere berretsi zituen batailoi hari egozten zaizkion gehiegikeriak; legez kanpoko atxiloketak, bahiketak, bortxaketak, torturak, fusilamenduak, arpilatzeak eta zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea egotzi zaizkio.

Petro Poroxenkok abiatutako Terrorismoaren Aurkako Operazioan (TAO), Ukrainako armadak ekialdeko matxinoen kontrolpeko lurraldearen zati handia berreskuratu zuen. Luhansk hiriburua inguratua zuen abuztu erdialdean, eta hilabete osoan bonbardatu zuen; Luhanskeko Herri Miliziek, ordea, hiria babestea lortu zuten.

Abuztuaren 13an, matxinoak errusiar mugatik aldentzea helburu zuen operazioa egin zuen Kievek. Luhansketik ekialdera Errusiarekin lotzen duen errepidea ixteko helburuz, Luhansketik kilometro gutxira dauden Kriastxevatoe eta Novosvetlivka herrietan sartu eta errepideak ixtea lortu zuen armadak, ezusteko mugimendu batean. Ez zieten denborarik eman miliziei mobilizatzeko, ezta herrietako biztanleei ere euren etxeetatik ateratzeko; askok sotoetan babestu baino ezin izan ziren egin.


Herria bonbardatuz heldu zen Aidar batailoia, eta eraikin publikoak eta etxebizitzak hartu zituen babes gisa, gauez, biztanleak ohean zeudelarik. Tankeak etxeen artean kokatu zituzten, eta biztanleak barrikadak eta lubakiak eraikitzera behartu zituztela diote han izan zirenek. Askok diote atxilotu eta torturatu zituztela, eta beste asko elizaren paretan fusilatu zituztela. Gainontzekoek euren etxeetan gelditzea beste erremediorik ez zuten izan, Ukrainako armadaren eta Luhanskeko milizien arteko borrokaren erdian.

Hamabost eguneko borroka izan zen bertan, eta 126 zibilen heriotza eragin zuen —Novosvetlivkak 5.000 biztanle baino ez ditu—. Abuztuaren 15ean handik igarotzekoa zen Moskutik Luhanskera giza laguntza zeraman konboia. Ukrainarrek errepidea blokeatu zuten, eta egun batzuk Errusia eta Luhanskeko probintziaren arteko mugan geldirik egon behar izan zuten kamioiek. Hurrengo egunean, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak adierazi zuen akordioa sinatu zutela konboia segurtasun baldintza egokietan igarotzeko, eta, Novosvetlivkako errepidetik igaro ez zen arren, hilaren 22an Luhanskera heltzea lortu zuen.

Armada, ihesi

Abuztuaren 21etik aurrera, herri miliziek aurrera egitea lortu zuten, eta herriaren zati handi bat ebatsi zieten ukrainar soldaduei. Milizianoek ez zuten artilleria askorik erabili, bazekitelako biztanleak giza ezkutu gisa erabiliak zirela, eta oldarraldien bidez hartu zituzten Aidar batailoiaren eraikinak. Ukrainako armadako fronteko lehen lerroko kide asko errenditu egin ziren, eta horrek frontea desegituratzea eragin zuen.

Kieven agindupeko soldadu ugari hil egin ziren bertan; haietako gehienak, Aidar batailoiko kideek tirokatuta. Ukrainar aldean borrokan ari diren soldadu asko behartuta ari dira gerran, baita beste boluntario asko ere. Guztiak batera frontearen lehen lerroan kokatzen dituzte jeneralek. Bigarren lerroan Guardia Nazionala egoten da, eta hirugarrenean Pravy Sektor (Eskuin Sektorea) talde ultranazionalista. Salaketa asko egon dira lehen lerroko soldaduen artean, errenditutako edo ihes egindakoei tiro egiten baitiete Pravi Sektoreko kideek, traidore izatea egotzita.

Novosvetlivkan ere antzeko salaketak izan ziren. Azkenaldian, gainera, Ukrainako armadaren barneko desertzioek gora egin dute; asko dira, Errusiaren esanetan, euren mugetara ailegatzen diren ukrainar soldadu errendituak, euren batailoietatik ihes eginda. Bere buruaz beste egindako soldaduen kasuak ere gora doaz etengabe gerran daudenen artean.

Milizianoek Novosvetlivkan aurrera egon ondoren, Aidar batailoiak ihes egin zuen. Biztanleek salatu zuten soldadu ukrainarrek arpilatzeak egin zituztela: «Ihes egitean, gure autoak lapurtu zizkiguten, gure etxean genituen gauzak ostu eta alde egin zuten», dio agure batek. Tankeak herrian utzi zituzten, baina miliziek erabili ez zitzaten erre egin zituzten alde egin aurretik. Uztarako prest zeuden zelaiak ere erre egin zituztela salatu zuten herritarrek, eta zelai horietara sartzeko beldurra daukate, pertsonen aurkako minak utzi baitzituzten bertan. Inguruko herri bateko haur bat dago Krasnodoneko ospitalean, mina bat eskuekin hartu nahian lehertuta.

Herritarrentzako infernua ez zen, ordea, Ukrainako armadak ihes egitean amaitu: haien esanetan, «hurrengo bi egunak izan ziren gogorrenak». Lurreko indarrak alde eginda, aireko bonbardaketak hasi ziren. Herriaren suntsiketa ekarri zuen bonbardaketa horrek, eta milizianorik ez zen hil erasoan, zibilak baino ez. Mortero, Uragan eta Grad bonbak erori zirela diote biztanleek. Bonba horiek hedatzen duten metraila izan zen heriotza gehienen eragilea, eta oraindik ere metraila horren arrastoa ikus daiteke eraikinetan.

Abuztuaren 30ean, Ukrainako Gobernuak Luhanskeko miliziei egotzi zien herria suntsitu izana, «Errusiaren armamentuaren laguntzaz egindako erasoan». Biztanleek ez dute, ordea, bertsio ofiziala sinesten: Poroxenko presidenteari egozten diote errua, bere herriaren aurkako erasoak egitea leporatzen diote.

Batailoiko kideen aitortza

Novosvetlivkako operazioa ez da Aidar batailoiaren aurkako salaketak eragin dituen gertaera bakarra. Maiatzean, Odesan (Ukraina hegoaldea) Kieveko gobernuaren aurkako kideen kanpamentu bat erretzea egotzi zion Errusiak: salatu zuenez, 48 hildako eta 200 zauritu eragin zituen. Stxvastie herrian ere bi kazetari errusiar hil izana leporatu zion Kremlinek batailoiari. Luhansken, batailoiak legez kanpoko atxiloketak egiten dituela salatu dute hainbat biztanlek; Oxana Kiriluk milizianoak, esaterako, milizianoz jantzita zeuden hiru kidek atxilotu zutela adierazi zuen; egiatan, Aidar batailoiko kideak ziren. Gerora, torturak sufritu zituela salatu zuen.

Abuztuaren 15ean Luhanskeko Herri Miliziek erasoaldi bat egin zuten hiriaren iparraldean Aidar batailoiak zeukan gune baten kontra. 15 eta 30 tanke artean suntsitu zituztela adierazi zuten milizianoek, eta berrogei soldadu inguru hil zituztela. Batailoiko hiru kide atxilotu zituzten zauriturik. Ospitalean izan dituzte sendatzen, eta asteartean utzi zituzten ukrainako armadaren esku.

Beste komunikabide batzuen artean BERRIAri ere emandako elkarrizketan, presoetako batek aitortu zuen jakitun zela Aidar batailoiak gerra krimenak egiten zituela, baina berak inoiz ez zuela halakorik ikusi. «Honelakoak egiten dituztenek fusilatzea merezi dute», gaineratu zuen presoak. Bestalde, Terrorismoaren Aurkako Operazioa dela-eta Ukrainako Gobernuak engainatu egin duela sentitzen du: «Matxinoak terroristak direla esaten digute, haurrak eta emakumeak jipoitzen dituztela; hona etortzean, ordea, nire gobernuaren maltzurkeriaz ohartu naiz. Gobernuak TAO sortu du anai-arreben arteko borroka probokatzeko, eslaviarren arteko zatiketa eragite aldera».

Ukraina ekialdeko matxinoen aurkako jarrera indartu egin da azkenaldian Kiev inguruetan. Gatazka hasi zenetik, errusiazaleen aurkako batasuna lortu dute, ukrainar nazionalismoa ardatz. Askok ez dute ideologia ultranazionalista ezkutatzen, eta Adolf Hitlerren eta nazien aldeko ikurrak daramatzate. Stepan Bandera ukrainar nazionalista historikoa dute heroitzat, Bigarren Mundu Gerran Hitlerrekin Sobietar Batasunaren aurka borrokatutakoa eta nazionalismo ukrainar modernoaren ikurra; Svoboda alderdi ultraeskuindar nazionalistaren ideologoetako bat ere bada. Beste askok, ordea, «ukrainar nazioaren batasuna» daukate aldarri, eta horregatik ari dira ekialdean borrokan. Hala dio Aidar batailoiko presoak: «Ukrainar abertzalea naiz, eta aurrerantzean ere abertzalea izan nahi dut. Ukraina batu bat nahi dut, eta horregatik borrokatzen naiz».

Aidar batailoiaz aparte, Ukrainako armadako beste batailoi batzuen hainbat eraso salatu izan dituzte matxinoek, eta gerra krimenak egiten dituztela salatu. Aidarrekin batera, Azov eta Donbass batailoiek jaso dute salaketa gehien. Barreiatze bonba debekatuak erabili dituztela erakutsi dute Luhansk eta Donetskeko Herri Errepubliketako ordezkariek, eta ESLAri eta NBEri «Kieven alde ez lerrokatzeko»eta gertaerok ikertzeko eskatu diete.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s