“Gerra hau faxismoak, inperialismoak eta interes ekonomikoek eragin dute”

Ibai Trebiño

2014-11-17 Argia

50821popov
“Nahiago dugu zutik hiltzea, belaunekoz bizitzea baino”, esan digu Oleg Popovek, Che Guevararen esaldi famatu hura erabiliz, frontera abiatzen garen bitartean. Luhanskeko gobernuaren egoitzan ezagutu dugu Popov. “Familiaren ostean, bizitzan dudan bigarren gauzarik inportanteena nire militantzia politikoa da”, dio ukrainar honek. Luhanskeko Alderdi Komunistako idazkari nagusia da, eta Luhanskeko eta Novorossijako parlamentuetako kide. Popov ez da politikari arrunta ordea, armak eskuetan frontean borrokan ari da Herri Miliziekin batera.

 

Ukrainar komunista bat Novorrosijaren aldeko borrokan. Zergatik?

Iraultzaile eta komunistok faxismoaren aurkako borrokan abangoardia izan gara beti, baita Novorossijan ere. Ez dago besterik.

Zer dela eta erabaki zenuen armak eskutan borrokara lotzea?

Maidan eta estatu kolpearen ostean herrialde hau nazionalista eta faxista bilakatu da. Kieveko agintaritza faxistaz beteta dago. Gaur egun Kievetik gobernatu nahi gaituzten politikari eta diputatuak ere nazi hutsak dira, Donbassen aurkako “operazio antiterrorista” martxan jarri dute gainera. Gu, komunistok, Errusiarekiko adiskidetasunaren alde izango gara beti.

Nondik eta zergatik uste duzu abiatzen dela “faxismo berri” hori Ukrainan?

Hau ez da soilik faxismoak eragindako guda, inperialismoak eta interes ekonomikoek eragin duten guda ere bada. AEBek hegemonia globala bereganatu nahi dute. Baino ezinezkoa izango zaie munduaren jabe izatea Errusia hor dagoen bitartean. Beraien helburua Errusiaren burujabetzari eraso eginez, Errusia ezegonkortzea eta txikitzea da. Talde faxistak eta nazionalismoa helburu horrekin erabiltzen dituzte hemen Ukrainan.

Novorossija Europako faxismo politiko berriaren aurkako proiektu politiko bat al da?

Novorossija faxismoaren aurkako erresistentzia bat da. Faxista guztiak akabatuko ditugu. Novorossija inperialismoaren eta AEBen aurkako erresistentzia ere bada. Gu beste eslaviar nazioekiko adiskidetasunaren aldekoak gara, Sobietar Batasunaren garaian eman zen anaitasunaren aldekoak. Gure helburua SESB bezalako potentzia indartsu eta duin bat eraikitzea da eta yankiak beren etxera bidaltzea.

Novorossija eraikuntza sozialista oinarri duen proiektu nazionala al da?

Komunisten helburua mundu komunista bat eraikitzea da, greziar, italiar, errusiar, ukrainar edo espainiarrekin batera. Novorossija helburu hauek lortzeko abian jarritako borrokaren aurrerapauso bat baino besterik ez da.

P1040212_webjpg

Oleg Popoven diputatu txartela

Asko hitz egin da Donbasseko herri erresistentziaren aniztasun ideologikoaz: komunistak, sozialistak, monarkikoak, nazionalistak, eta abar. Zer deritzozu?

Gure batasunak faxismoari aurre egin eta hau garaitzea du oinarri. Justizia, egia eta askatasunaren aldeko borrokan oinarritzen den herri batasuna. Komunistok Marx, Engels eta Leninen eredua dugu irizpide. Faxismoaren nahiz globalizazioaren aurkako iraultza sozial baten aldekoak gara. Gure borroka munduko txoko guztietara zabaltzea da helburua. Gure ideologia eta proiektu politikoa aberrian eta herrian oinarritzen da. Gu jendearen eta herriaren alde gaude, beraiengatik borrokatzen dugu. Herriak ez du faxismopean bizi nahi, erregimen faxista baten esklabo izan.

Estatu independentea, estatu sozialista, edo Errusiar Federazioaren barruko errepublika. Zer estatus mota aldarrikatzen duzue?

Gu herri eslaviarren eta sobietarren arteko batasunaren eta adiskidetasunaren aldekoak gara. Hau dela eta, Errusiarekiko batasunaren aldekoak ere bagara, baita Ukrainarekiko batasunaren aldekoak ere, baina ez egungo Ukraina faxistarekin.

Ez da oso ohikoa -mendebaldeko politikarien artean behintzat-  diputatu bat armak eskutan hartuta frontean borrokan ikustea.

Ume, emakume eta zibil askoren heriotzaren testigu izan naiz eta hori ezin da onartu. Horrexegatik erabaki nuen Herri Milizietan sartzea, armak hartzea eta frontean borrokatzea. Onartezina da zibilak akabatzen dituzten bitartean politikariok gure poltronan lasai asko eserita egotea. Guda hasi zenetik gure herriko sektore guztiek bere ekarpenak egin dituzte: Medikuek, langileek, meatzariek, diputatuek, eta abar. Denak gaude herri honen aldeko borrokan, gure herriaren defentsan.

Herri milizietako komandantea ere zaren aldetik, nola ikusten duzu gerraren bilakaera arlo militarrari dagokionez? Nola baloratzen duzu Minskeko bake akordioa?

Ukrainako gobernuak lurralde hau galtzeko beldurra dauka eta hori da ofentsiba militarra aurrera eramatearen arrazoi bakarra. Ukrainar gobernuak uste du Simferopolek eta Krimeak Ukraina izaten jarraitzen dutela. Donbassekin antzeko zerbait gertatzen da. Ez dago su-etenik eta ez dute halakorik nahi.

Zein da zuen helburua, Luhansk eta Donetskeko Herri Errepublikak kontrolpean mantentzea eta Ukrainako gobernuak okupatutako lurraldeak berreskuratzea edo Novorossija osora zabaltzea?

Gure helburua, momentuz, Donetsk eta Luhansk askatzea da. Baina Jerson, Odessa, Jarkov edota Novorossija osatzen duten zazpi herri errepublikek laguntza eskatzen badigute gu han izango gara haiek laguntzeko. Hori argi daukagu. Novorossija askatu eta Errusiaren ondoan izango gara, Ukrainak nahi ez badu ere. Agian ez epe motzean, baina bai epe ertainean; urtebete, bi urte… ez dakit noiz baina Novorossija osoa askatuko dugu. Novorossija askatu nahi duten komunista asko daude eta. Irabaziko dugu, ez eduki dudarik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s