Nazioarteko brigadak Donbassen

Herrialde askotako brigadistak joan dira Donbassera gatazka hasi zenetik, herri milizietan borrokatzera.
Euskal herritar bi daude Luhanskeko Herri Errepublikako Unitate Kontinentalean

p020_f01

Jakina da Ukraina ekialdeko gatazkan ez direla ari borrokatzen soilik ukrainar soldadu eta milizianoak. Alde batean zein bestean, kanpo laguntza jasotzen ari dira, kasu denetan ofizialtasunetik kanpo. Luhansk eta Donetskeko herri milizietan errusiar soldaduak eta armamentua dagoela salatu izan du Ukrainako Gobernuak, eta inbasiotzat hartu. Kieveko armadan, berriz, NATOren eta atzerriko paramilitarrak daudela frogatu dute matxinoek.

Donetskeko gobernuak ez du ezkutatzen beste herrialdeetako milizianoen presentzia; deia ere egin baitzuen gerraren hasieran, 1936ko Espainiako gerrara bezala orain ere nazioarteko brigadak Donbassera etortzeko. Dei horri boluntario espainiar, frantziar, alemaniar, estatubatuar, brasildar, serbiar, txinatar, afrikar, osetiar, abkhaziar, errusiar eta abarrek erantzun zioten. Batzuk Vostok batailoian daude, eta beste batzuk, Altxevskeko (Luhanskeko Herri Errepublika) Prizrak brigadan. Bi euskal herritar daude, besteak beste, brigada horretan.


Kieven aldean, matxinoek hildako soldaduei poloniar, lituaniar, estatubatuar eta britainiar agiriak atxiki izana salatu zuten. Herrialde batzuek laguntza ofiziala bidaltzeko ideia plazaratu dute; Poloniak gerran parte hartza eskaini zion Ukrainako Gobernuari, eta Lituaniak lehenengo unetik Maidaneko protestetara joateko baliabideak eman zizkien bere herritarrei. Armamentuari dagokionez, NATOren droneak (gidaririk gabeko hegazkinak) erabiltzen dituztela diote; horregatik, segurtasun handiz jokatzen dute Altxevskeko kuartelean drone bat gertu sumatzean, eta argia zein objektu elektroniko oro itzaltzen dute horrelakoetan.

Donetskeko Herri Errepublikako Vostok batailoian elkartzen ziren hasieran atzerriko brigadistak, baina errusiera ez zutenez ulertzen eta brigadisten prestakuntza militar onagatik, Nikola Perovic serbiar jatorriko frantziar komandanteak erabaki zuen Unitate Kontinentala eratzea Prizrak brigadaren barnean.

Boluntarioak batuz joan zaizkio unitateari, eta 30 kide dira orain, Frantziatik, Serbiatik, Espainiatik eta Euskal Herritik joandakoak; errusiar boluntarioak ere badaude Prizrak brigadako unitate independente batean. Gainontzeko herri milizietako batailoien oso ezberdina da Unitate Kontinentala: asko euren herrialdeetan prestakuntza militarra jasotakoak dira, armadan eta hainbat gerratan parte hartutakoak; eta ideologia askotarikoak elkarren ondoan bildu dira.

Ideologia aniztasuna

Zeresana eman du Prizrak brigadako Unitate Kontinentalean dauden boluntarioen ideologia aniztasunak. Hogeita hamar boluntario inguru dira Nikola Perovic eta Victor Lenta frantziar komandanteen agindupean. Biak Unite Continental Frantziako talde nazionalistako kideak dira; faxistatzat daukate talde hori Frantziako Estatuko antifaxistek. Prestakuntza militar handiko gizonak dira biak: Lenta lau gerratan ibilitakoa da —Iraken, Afganistanen eta Malin, besteak beste—, eta Perovic, Afganistanen. Serbiako eta Frantziako zerbitzu sekretuak bilatua da Perovic.

Komandante frantziarren agindupean, antifaxista serbiarrak, nazionalistak eta ultranazionalistak daude, eta frantziar nazionalistak eta espainiar komunistak eta antifaxistak. Andres da espainiar boluntarioetako komandantea, ideologia komunistakoa; Vostok batailoitik Unitate Kontinentalera joan ziren eraginkortasun bila, hizkuntza ulertzen baitzuten eta baliagarri sentitu nahi baitzuten.

Zalantza asko zituzten hasieran, eta arraro egin zitzaien egoera. Azkenean, dena den, oraingoz unitatean geratzeko erabakia hartu zuten. «Ez dut uste guk planteatu beharko genukeenik zergatik ari garen hemen borrokan; Donbasseko jendearen alde gabiltza borrokan, 36ko brigada internazionalen modura. Gurea borroka egitea da; nazio eraikuntza, ordea, hemengo biztanleen kontua. Eta haiek argi daukate faxismoaren aurkako borroka dela hau; eta AEBen eta Bruselaren inperialismoaren aurkakoa. Bestelako ideologia bat dutenek planteatu beharko lukete, agian, zergatik dauden bando honetan», dio espainiar boluntarioak.

Prizrak brigadak Mozgovoi komunista du komandante gorena, eta hori da espainiarrentzat han geratzeko arrazoietako bat. Euren unitateak zulatu egiten du Ukrainako armadaren fronte lerroa, eta segadak edo material militarraren lapurtzeak egiten dituzte Kieven kontrolpeko lurraldean. «Arrisku handiko operazioak» direla dio Andresek, eta horregatik konfiantza behar dela batailoiko kideengan: «Hemen dauden zenbait nazionalista frantses eta serbiarren ideologiarekin ez dugu bat egiten, baina gure bizkarra zaintzen ari dira; bizitza salbatu ere egin dit batek. Hauek nahiago ditut, etxetik txorakeriak idazten dituzten eta euren buruak komunistatzat dituzten horiek baino».

Zortzi boluntario joan dira Espainiako Estatutik Unitate Kontinentalera: lau komunista, eta euren burua apolitikotzat duten bi; bi euskal herritar daude: euren burua ezagutarazi nahi ez duten nafar bat eta bizkaitar bat. Dena den, Euskal Herrira bueltatzekoak dira aurki, han utzitakoaren «falta» sumatzen dutelako.

Serbiar milizianoek presentzia handia dute Donbassen. Sei daude Perovic eta Lentaren agindupean, serbiar nazionalistak batzuk eta nazionalista antifaxistak besteak. Boluntarioek gogoan dute 1999an NATOk Jugoslavia bonbardatu izana; hori da Stevan Milosevicentzat borrokan aritzeko arrazoietako bat, «NATOren eta AEBen faxismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokan».

Interpretazio hau egin du Milosevicek: «NATOren estiloa da gerrak sortzea kontrolpean ez dituen lurraldeetan, AEBen zerbitzura egongo diren estatuak izateko. Horri erantzuten dio Jugoslaviaren zatitzeak eta Kosovoren alde bakarreko independentziak, eta 1999an bertan jasan behar izan genuen guda gogorrak. Novorrosiaren kasua bestelakoa da; herrialde oso bat bereganatzen saiatu da NATO, eta erresistentzia hau horren kontra doa: independentziaren aldeko aldarria da, NATO eta Europako Batasunaren aurkakoa».

Victor Lenta komandante frantziarrak ideologien gainetik jartzen du unitatearen gaitasun militarra: «Oso plurala da brigada kontinentala, baina ideologien gainetik eratuta dago. Ez du inporta ez jatorriak, ez erlijioak, ez koloreak eta ez ideologiak; gerra hau amaitzean norberak bere bidea hartuko du bere herrian». Frantziar nazionalista izanda, argiki plazaratu ditu Donbassen herri milizien aldean borrokan aritzeko arrazoiak: «Frantziako armadan ibilia naiz, baina NATOren aurka nago guztiz. Europako Batasuna AEBen morroi hutsa da; horren aurka gabiltza hemen».

Donbassen ultranazionalistak borrokan ari direla jakitean, gaiak zalaparta handia sortu du, «faxismoaren aurkako» erresistentzia batean ideologia horretakoak ere egoteak kontraesanak sortzen baititu. Hala ere, Donbassen geroa ez dute nazioarteko brigadistek erabakiko, garaipen militarrean laguntzeko baitaude han; herrialdearen geroa hango biztanleek erabakiko dute. Eta, borrokan dabiltzan milizianoen artean, Unitate Kontinentala kopuru oso txiki bat baino ez da.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s