Mendebaldeko Ukrainan Holokaustoa Historiatik ezabatua izan da.

Frank Brendle (Defending History)

Ingelerazko bertsioa: Defending History

Euskarazko itzulpena: Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitea

Judutarrik ez historia honetan.

Uda bukaera aldeko gau bat da eta Lviven gaude Ukrainako gizarte zibilarekin lehen aldiz topo egiten dugunean:

Txirrindularien manifestazio bat da. “Masa kritikoa” hitzak daramatzate pankartetan eta errepideetan espazio gehiago izatearen alde ari dira borrokan. Alemanian bezala.

Baina Alemanian ez dagoen zerbait gertatzen da hemen. Manifestazio-buruak “Slava Ukrajini!” oihukatzen du eta masak “Heroiam Slava!” erantzuten du (Aintza Ukrainari-Aintza Heroiei)

Eta gero beste oihu bat eta beste erantzun bat:

“Aintza Nazioari! Heriotza etsaiei!”

Parte-hartzeren gozamena gehitu egiten da oinezkoek oihuekin bat egiten dutenean, manifestarien erantzun jakinak probokatuz.

Arazotxo bat dago: lelo hauek Ukrainako Nazionalisten Erakunde faxistaren (OUN) eta 1942 sortutako bere beso militar Ukrainar Armada Matxinatuarenak (UPA) direla

“Batez ere” sobietarren kontra borrokatu zuen erakunde horrek gutxitan borrokatu zuen alemaniarren kontra eta historian (gutxienez) hamarnaka milaka poloniar eta judutar hiltzeaz nabarmendu zen.

Gaur egun, behintzat lehenengo aipatutako leloa (UPArena) euren burua “europarzaletzat” duten ukrainar patriota deitzen diren artean agur nahiko arrunta da.

1991ean Ukraina independente bilakatu zenetik, historia oholtza politikoan bete-betean egon da. Antierrusiarrak eta mendebaldarzale deklaratuak diren lider askok guden arteko garaiko indar faxistak, de facto Holokaustoan Hitlerren “bukaerako konponbidea” posible egiten lagundu eta batzuetan exekutatu egin zutenak.

OUNen eta bere lider Stepan Banderaran banderak 2014 hasieran Maidango Enparantzan agertu zirenetik, kontrako soberako harrabotsik gabe, hauen erabilera gizarte zabalak onartua izan da.

Nora arte heltzen ari da hau eta zer nolako ondorioak ditu Holokaustoaren oroimenarentzat?

Donazioak Azov Batailoiarentzat

Lviv (polonieraz Lwow, Lemberg Habsburgo Inperioaren garaietan) (Mendebaldeko) ukrainar nazionalismoaren gotorlekua izan da XIX mende bukaeratik hona.

Hemen, eskuin muturreko Svoboda (Askatasuna) alderdiak bozken %30tik gora lortu zituen azken hauteskundeetan. Kaleek “UPAren heroiak” edota lider nazionalisten izenak dituzte.

Merkatuetako saltokietan, Banderaren eta bere kideen irudiak daramatzaten kikarak, kamisetak edo tapaukak erosi daitezke. Vladimir Putinen argazkia ere badago: komuneko paperean edo lanpasetan.

Stepan Bandera Bulebarrak OUNen liderraren monumentu ezin handiagoa (ironikoki sobietar garaietako Leninen monumentuen antzekoa) eta “Krimen Komunisten Biktimen Omenezko Monumentua” elkartzen ditu.

Hortik hurbil, kartzela ohi batean, “Erregimen Okupatzaileen Biktimen Museoa” dago. NKVDk (Sobietar Segurtasun Agentziak) presoak hil zituen 1941ko ekainean, beraz, zalantzarik gabe omenaldiak badu arrazoirik.

Baina naziek eta euren kolaboratzaileek, OUN/UPA hortako “heroi” batzuek barne, judutarrak, aurreko hilketen arduradunak izateaz leporaturik, presondegian sartu eta euretako lau mila bat pogrom batean hil zituztela ahazten dute –hau ez da aipatu ere egiten. Toki honek soilik ukrainarren aintzaz eta sakrifizioaz hitz egiten du.

Berdina gertatzen da “Nazio Askapen Borrokaren Museoa” deituriko hartan, zeina duela bi urte inauguratu zen UPAko beteranoek parte hartu zuten ekitaldi batekin.

Hemen, 1917aren osteko urteetan arrakastarik gabe independentziaren alde borrokatu zutenak orden kronologiko batean OUN eta UPAko eta aren Waffen-SSren Halitxina Dibisioko kideen ondoan lerrokaturik agertzen dira, denak “askatasunaren aldeko borrokaren” segida baten parte izango balira bezala.

Litshakivski hilerrian logika bera ikusten dugu, Eki Ukrainan borrokaldi arruntetan hil ziren soldaduen UPAko borrokalarien ondoan eta Waffen-SSren obelisko baten parean lurperaturik agertzen dira.

Bertan Roman Xukhevitxen ohorezko monumentu bat ere badago. Gizon hau Wehrmachten “Nachtigall” batailoiaren komandantea eta gero UPAren burua izan zen.

Lviven, alemaniar armada okupatu zuenean populazioaren herena zuen hirian, ez dago Holokaustoa gogorarazten duen gauza bat bera ere. Judutar komunitateak ghetto zaharraren sarreran monumentu bat jarri zuen, baina ez da “ofiziala”.

“Hesed Arieh” ongizate sozialerako eta hezkuntzarako erakunde judutarrak, duela sei urte, kultura judutarrari eta Holokaustoari buruzko eskola-irakasgai bat prestatu zuen.

Bertan filma bat zegoen, zeinek segundu batzuez bakarrik, ukrainarren 1941eko alemaniar inbasioa nola ospatzen zuten agertzen den. Svobodako politikariek protesta egin zuten, eta fiskal nagusiak ustezko “ekintza antiukrainarrak” ikertu zituen eta Hesed-Arieh tokiko komisio baten aurrean aurkeztu behar izan zen.

“Egoera hortan, ez ziguten eskoletan gure lana jarraitzen utzi” dio Hesed-Ariehko Irina Belousek.

Lvivn Holokaustoaren oroimena hauspotu nahi duen pertsona bat Taras Tsholii film-ekoizlea dugu. Oso hurbilketa berezia egiten du.

Bere ideia ghetto zaharrean “Izuaren Lurralde” bat eratzea da, hain justu 1945an sobietarren NKVDren kartzela bat eraiki zuten tokian, eta honela ongietorri ematen diogu “totalitarismo guztien maltzurkeriaren” eta komunismoa=faxismoa dioen teoriari.

“Ahalik eta interaktiboena” izan behar da Tsholiiren arabera, alanbre-hesiak, barrakoiak eta begiratzeko dorreak barne. Batzuek “Disneyland deitzen dute” dio Tsholiik baina halako konplexuak gazteentzako estilo zaharreko museoak baino erakargarriagoak izango direnaz ziur dago.

Tsholiiren bulegora iristen garenean, segundu batzuez arnasik gabe geratzen gara: hogei eta hamar urte pasatxo dituen gizon hau errifle zahar bat ari da kotxean saltzen. Elkarrizketaren ostean lagunekin basora joango omen da, entrenatzera.

Izena emateko prestatzen ari dira, eta ez dira armada ofizialaren entrenamenduaz fio. Tsholiik erriflea osaba batengandik lortu zuen, 1940 hamarkadan egindako Wehrmachten karabina original bat da.

Horrekin bat, Tsholiik “Karpatoetako Sitx” jartzen duen kamiseta bat darama. Hau OUNen adar bat zen, 1938an Karpatoetako Ukrainaren (1) independentziaren alde borrokatu zena.

Zalantzarik gabe, Tsholiik OUN eta UPA ohoratu nahi ditu eta bere Facebook orrialdean UPAren banner handi bat du. Halere, tartean, Holokaustoa ere oroitzeko interesa baduela ikusten dugu.

“Bazegoen jendea zeinek judutarrek euren urea non gordetzen zuten bazekitena, eta orduan hauek alemaniarrei salatu zizkieten” dio.

UPAk “akatsak” egin zituela aitortzen du, honen komandanteek eskualdeko poloniar herrixkak eraso zituztela, baina segituan berdintasun baliokidetasun-ikurra ezarriz, “poloniar komandanteek ukrainar herrixkak eraso zituzten moduan” dio.

Hori kenduta, bere ikuspegia beldurgarria da. Tsholiik hau dio:

 “Jakina oroimen-konplexuaren zatirik handiena sobietar errepresioaren biktimei dedikatua egongo da; honek gehiago iraun zuelako eta gaitzagoa izan zelako”.

Bere amona aipatzen du, zeinak beti esaten omen zuen:

“Alemaniarrak ankerrak ziren, baina ez zegoen errusiarrak baino ankerragorik”.

UPA judutarrak hiltzea egoztea “ilogikoa” da Tsholiiren aburuz, UPA AEBren laguntzaren bila zegoelako “eta AEBn judutar kapitala da nagusi, beraz esango didazu zer lortzen zuten judutarrak hiltzen”.

Lviveko Udalak Tsholii “zuzendari” egin du, baina hau, egia esan, ohorezko titulu bat da, bere arabera diru pixkatxo bat soilik ematen diona. Eraikuntza kostuak babesle pribatuek ordainduko dituzte, et proiektua geldi dago.

Ukrainan, Holokaustoaren oroimenaren hutsunean nabaria da Babi Jarren, Kieveko erdigunetik kilometro gutxitara, 1941eko irailaren 29 eta 30 artean naziek eta ukrainar poliziek 33.771 judutar, SSek ondo kontatuta, hil zituzten tokian.

1960 hamarkadan hildako “sobietar hiritar baketsuen” oroimenezko monumentu bat eraiki zen, euren jatorri judutarra aipatu gabe. Independentziaren ostean soilik eraiki zuen komunitate judutarrak bere monumentu propioa.

Kolore ezberdinetako hainbat ukrainar gobernuk Holokaustoraren museo bat zabalduko zutela esan dute, baina proiektuak lehen harria jartzearekin batera bukatzen ziren.

Ordea, Holodomorraren oroimen-konplexua eraikitzeko iragarpenak bete egin ziren, 2008an eraiki zen Dnieperreko Muinoetan. Ukraina sobietarrean gosez hil zirenean, batez ere 1932an eta 1933an hil ziren hiruzpalau milioiei dedikatua dago.

Historiagileak ia erabat ados daude sobietar buruek erantzukizuna izan zutela, erabaki okerrekin gosetea okertu zutelakoan.

Baina memorial honek gosetea modu oso lerrokatuan eta manipulatuan irakurtzen du, errusiarrek eta boltxebikeek ukrainar herriaren kontra nahita burututako genozidioa bailitzan.

Beste jatorri batetako jendea (errusiarrak, judutarrak, alemaniarrak, ijitoak) ere gosetean hil egin zirela ez da aipatzen. Museoko historiagile batek helburua deskribatzen du:

“Hemen, ukrainarrei gertatutako tragedia honen ezagutzak, Ukraina mendebaldeko, erdialdeko eta ekialdeko kultura ezberdinak batzen ditu”.

Beraz “nazio-nortasuna” sortzea da helburua, soilik ukrainar etniakoen sufrimendua aipatuz.

Boris Zabarko 79 urtetako historialari judutarra da, Holokaustoaren garaian errumaniarrek okupatutako zonaldeko shtetl txiki batetako ghettoan biziraun zuena.

Gaur egun ghettoetako eta nazien kontzentrazio-eremuetako preso ohien elkarteko lehendakaria da. Hauxe dio:

“Iraultza Laranjaren ostean Holodomorra bilakatu da zientzia-ikerketaren zentrua. Holokaustoa judutarren bazterreko kontu bezala ikusten da.

Viktor Justxenko lehendakari ohiaren garaian eratu zen Oroimen Nazionalerako Ukrainar Institutuak UPAko borrokalariak, OUNen buruak eta kolaborazionistak goratzen ditu, baita Mendebaldeko Ukrainan judutarren kontrako ekintzetan parte hartu zutenak ere.

Badakit Banderak eta bere gizonek jokatu zuten papera, judutar auziari ematekotan ziren bukaerako konponbidean aktiboki parte hartu zuten”.

Holokaustoaz hitzegitea, kolaborazioaz hitz egitea izan beharko zatekeen. “Baina hemen, gure artean, gai hau ezkutatzen ari gara”.

Maidanen gertakarien buruetako bat Volodimir Viatrovitx da. Agian Ukraina osoko OUNen zurikatzaile handiena ere bada.

Iraultza Laranjaren ostean Zabarkok aipatutako “Oroimen Nazionaleko Institutuaren” buru izan zen, Estatuak finantzatzen duen historia-proiektu bakarraren buru (eta bere emaitza nagusia Holodomorra oroitzea da).

Janukovitxen agintean zehar mailagabetua eta langile baten parean geratu zen, baina apirilean Viatrovitx institutuaren burutzara itzuli zen, bere kontrolpean OUN eta UPAren dokumentu historikoen kopuru handi bat dagoelarik

Elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan errepikatu zuen OUNen inguruko alde eta datu negatibo guztiek sobietar propaganda dutela iturria.

Galdetu diot ea nola iritsi diren azken urteetan hainbeste mendebaltar historialari OUNen izaera faxistari eta krimenei, adibidez poloniarren sarraskiari buruz hainbeste argitaratzera. Viatrovitxen erantzuna:

“Historiagile horiek sobietar propagandak eraginda daude”.

Banderaren aldekoak “Alemania naziaren kontra ilegalki borrokatzen lehenak” izan zirela diosku Viatrovitxek, segituan naziekiko izan zen edozein kolaborazio praktikoa eta ez ideologikoa izan zela azpimarratuz.

Gaur egun, nazionalista banderistak “ukrainar askorentzat eredu dira, Estatu independente baten aldeko borrokan sakrifizio interesik gabearen eredu”.

Viatrovitxek Maidango mugimendu osoa fenomeno “banderista” faxista bat bezala deskribatzen duen errusiar propagandaren ondorio bat nabarmentzen du.

“Bai, banderistak gara, Ukraina independentearen alde ere borrokatzen baitugu”.

Viatrovitx Lvivkoa da. Bertako Unibertsitate Katolikoko irakasle den Jaroslav Hritsakek ez dio estimu handirik. Bere lankidea “ikerketa historikoa eta oroimena kutsatu” duten ukrainar erbesteratuen tradiziokoa dela dio. Hritsakek jarraitzen du:

“Viatrovitx dokumentuekin jolasean ari da” Banderaren mitoa handizkatzeko, “eta hau bere heziketa profesionalari egindako traizio gisa ikusten dut”.

Hritsaken arabera Bandera oso jarraitua da jendea askatasun borrokalari antierrusiar idealizatuaren eta gertaera historikoen artean dagoen zangaz kontziente ez delako:

“Jakina Bandera antierrusiarra zela, baina jakina da baita ez zela Estatu autoritario baten aurkakoa”.

Hritsaken arabera Banderaren OUN fakzioa xenofoboa eta anti-europarra zen. Banderak jakin izango balu noizbait jendeak bere irudia balio europarzale eta liberalekin lotuko zuela “izututa bere hilkutxan sartuko zen berriz”.

Duela hamar urte Hritsakek OUN kritikatzen zuen artikulu bat atera zuen “eztabaidarako gonbidapen gisa”. Poloniarrak trumilka hiltzeaz eta UPAren antisemitismoaz hitz egiten zuen.

Gonbidapen hau ez zen onartua izan, baina Svoboda haserrarazi zuen:

“Euretako lider batzuek publikoki mehatxatu ninduten, eta boterera heltzerakoan kartzelan niretzako ziega bat gordeko zutela esan zuten”.

Zer dator gero? Beren burua “banderistatzat” hartzen duten gehienak Banderaren eta bere kideen krimenen jakitun (eta ziurrenik ez dute jakin nahi ere) ez badira ere, erakunde faxista baten buruzagia izan zenaren gertaera historikoa geratzen da.

Eta errusiar propagandak gauza asko handizkatzen baditu ere, OUNen izaera nazidun krimenak ez ditu asmatu.

Baina aktibista judutar batzuk kenduta, ez du ematen inork horri buruz hitz egin nahi duenik. Aurrerakoi eta ezkertiar aktibista apurrak beste gauza batzuetan daude, ez daude Banderari begira.

Historiagile kritikoek ere ez dute OUNi eta Banderari buruz publikoki eztabaidatu nahi. Iraganean historia-politikarekiko oso kritiko izan zen Kieveko Zientzia Akademiako Georgi Kasianoven arabera, onena gai historikoei buruzko eztabaidak saihestea da:

“Mendebaldeko ukrainarrek Banderarekiko kultua ezarri eta Ukrainar Armada Matxinatuko heroiei buruz hitz egin nahi badute, aske izan behar dira horretarako, hori hemen egiteko, ezin dira Donetskera joan eta oroimen nazionalari buruzko euren balioak han inposatu; eta berdina Ekialdeko ukrainarrei buruz”.

Kasianovek azpititulu ironikoki batekin bukatzen du, Banderaren eta Leninen arteko “bizikidetza baketsuaren” alde ginez.

Antzera, Hritsakek Espainiak 1975ean Franco diktadorea hil ostean egindako “amnesia paktua” hartzen du eredu.

“Nire ustez, Ukraina ez dago eztabaida historikorako prest” dio, “Banderaz eztabaidatzea” herrialdearentzako “suizida” izango zela ohartaraziz. “Zuek, alemaniarrok, ez duzue hau ulertzen” gehitzen du.

Egia esan, oroimen politiken inguruko suetenik ez dago. Poroxenko lehendakariak zenbaitetan Sobietar Armada Gorriko zein UPAko beteranoak “Ukrainaren defendatzaile” deitu baditu ere jaiegun nazional gisa Urriaren 14a izendatu du. Egun horretan nazionalistek UPAren sorrera ospatzen dute.

Banderaren (balizko) kritikoek bera kritikatzeari utzi badiote ere, bere aldekoei ez zaie ixilik geratzea bururatu ere egiten.

Edonon, Leninen estatuak bota ostean Banderaren ohorezko martxak egiten dituzten, eta euren irakurketak, Viatrovitxen “Oroimen Nazionalaren” institutuaren laguntzaz, Estatuaren goiko mailetatik babestuta daude.

Herrialdeko herritar judutar eta poloniarrek, euren etnietako jendea etnia arrazoiengatik soilik erail zituztenak heroi nazional nola bihurtzen dituzten ikusi behar dute.

Oharrak:

(1) Garai hartan Karpatoetako Ukraina Txekoslovakiaren parte zen, eta 1939 ostean Hungariaren parte izatera pasako zen. 1945an Ukraina Sobietarraren parte izatera pasa zen, Zakarpattia probintzia osatuz. Gaur egun Ukraina da.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s