Novorossijako komandanterik erradikalenaren soslaia (Aleksei Mozgovoi)

Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitea

Artikulu hau egiteko informazioak http://russia-insider.com/en/2014/12/24/2143 eta http://www.thenation.com/article/193409/peoples-court-eastern-ukraine iturrietako erreportaietan aurkitu izan dira.

Aleksei Mozgovoi komandantea, ezker antioligarkikoaren ikurra.

Aleksei Mozgovoi da ezkertiar iraultzaileen itxaropena eta erreferentea Novorossijako indarren artean. Aldi berean, bera da Minskeko Itunen aurka gehien agertu izan den komandantea. Baina nor da Aleksei Mozgovoi? Zergatik da ezaguna?

Nahiko ezaguna egin zen Luganskeko Herri Errepublikako Altxevsk hirian Mozgovoik bortxatzaile biren kontra antolatu zituen herri epaiketak. Bi akusatuetako bat (2008tik egindako hirugarren bortxaketa zuen hura) asanbladak heriotzara kondenatu zuen, bestea frontean bere errua garbitzera. Batzuen ustez halakoak “masaren legea”, bermerik gabekoa indarrean jartzea izan zen; baina beste askorentzat matxinada iraultza sozialaren eta herri boterearen gauzatzeren adierazle bezala ikusi zuten herri epaiketa.

Oleg Izmailov Donetskeko kazetari eta analista politikoaren arabera, halako masa-epaiketek errusiar herrixketan eta komunitate kosakoetan Erdi Arotik burutzen ziren “herri asanbladetan dute oinarria”. “Ukrainar erregimenaren pean, epaile guztiak herriarengandik gorrotatuak ziren. Bazeuden zenbait epai, kriminalak batez ere, herriak jakina zekiela garbi emandakoak ez zirela; beraz halako sistema bat herriaren gogokoa da”.

Mozgovoik berak dio, ideologien aurretik “herri-demokrazia” lehenesten duela, eta halako epaiketak kanpotik desitxuratuak direla. The Nation egunkariari esan zion bezala “herri-gobernua eraiki nahi badugu herri boterearen aurrekariak eraiki behar ditugu, adibidez, herri epaiketa”. “Herriari erabakiak bere esku hartzen erakutsi behar diogu”.

Hala ere oraindik asko dira epaia komandante matxinoaren gain bota nahi dutenak: oinarrizko demokrazia ezarri nahi duen iraultzaile soziala al da edota guda garaian herria soilik diziplina handiagoa ezartzeko tresna bezala erabili nahi duen komandante militar soil bat al da? Batean edo bestean, askok berarengan jarri dituzte matxinada honek ildo sozialistara jotzeko itxaropenak.

Mozgovoik berak dioenez, bere etsai nagusia oligarkia eta ustelkeria dira. Bere arabera, Kieveko gobernu berrian biak eta gainera AEBtako politikaren nagusigoa daude. “Errusian zein Ukrainan sistema ustela da” dio. “Bielorrusian demokrazia gutxiago dutela diote, baina behintzat ez zuten aurreko sistema (sobietarra) puskatu”.

Krimeako Boris Rozhin “Colonel Cassad” blogariaren arabera, Mozgovoi “komandanteetan ezkertiarrena da” eta Estatu matxinoek “sozialista antzeko programa bat izateko bermerik onena” ere bada. Boris Kagarlitski moskutar marxistak dioenez, Mozgovoiren ideiak “sozialdemokraziaren eta oinarrizko demokrazia erradikalaren arteko bilbatze bat dira”. Hala ere “programa ideologikoki oso koherentea ez duela” dio Kagarlitskik. Kagarlitskiren ahotan, “halako komandante populistak guda-garaietan agertun izan ohi dira” eta halako zerbait litzateke Mozgovoi: “pixka bat iraultzaile-ttipia, pixka bat bandoleroa, pixka bat herriaren heroia. Mexikoko Pancho Villa edo Zapataren antzeko zerbait izango litzateke. Halako heroi asko zeuden baita ere Errusiar Guda Zibilean, baina orduan boltxebikeek euren ideologia ezartzeko gaitasuna izan zuten. Gaur egun ez dago halako ideologia zurrun bat ezarri ahal duen mugimendu edota intelligentsiarik”.

Halako iritzia du Volodimir Ixtxenko soziologo ezkertiar ukrainarrak, Kieveko Spilka egunkari teorikoaren editoreak. Bere ustez Mozgovoik “demokrazia parekide antioligarkikoari buruzko ideiak ditu” baina “moralki kontserbakorrak diren ideiekin” nahasten ditu, bere kabuz programa sendo bat inposatzeko gaitasun eza ikusten duelarik.

Beraz, ez dago zalantzarik Mozgovoiren izaerak ezkerreko eta iraultzaile diren pertsonak erakartzen dituela. Halako bat izan zen Moskuko Anton Fatulaiev boluntarioa, abuztuan borrokan hil zena. Bere lagun Maksim Solopoven arabera, Rostoven Fatulaiev erreklutatu zuenak Mozgovoi aukeratzea gomendatu zion “herri-demokraziaren ideia babesten zuelako, oso independentea zelako, errusiar gobernuaren aldekoa ez zelako, justizia soziala bezalako ideialetan sinesmen indartsua zuelako eta bere soldaduekin arreta erakusten zuen komandante ona bat zelako”.

Mozgovoi jatorri sozial apalekoa da. Luganskeko eskualdean jaio zen kosakoen familia batean. Musika ikasi zuen eta abesbatzan abestu zuen, eta gero, zazpi urtez ukrainar armadan egon zen. San Petersburgon eraikuntzan ere lan egindakoa da. Otsaileko Euromaidan protesten ostean Luganskera itzuli zen, hango kontra-manifestazioetan bere Mamu Brigada izango zenaren taldea batuz. Gaur egun bere unitatean 3.000 gudari ditu, eta Luganskeko Herri Errepublikaren indarrik ahaltsuenetako bat da, Mozgovoiren eragina handituz. Altxevsk hiria da bere gotorlekua (gudaren aurretik 111.360ko populazioa zuen), eta han bere kabuz lortu du bere unitatea indartze; bere arabera, hiriburutik ez bait dute diruz babesten.

Mozgovoik bere burua herriaren boterearen aldeko sutsu bezala ikusten du; horren definizioaren gutxieneko gisa, politika-erabakietan herritarren parte-hartze zuzena, ongizate sistema indartsua eta oinarriko industrian nazionalizazioa hartzen dituelarik. Nonbait badirudi “programa koherente bat” ez duela esaten duten Kagarlitski eta Ixtxenko moduko kritikoei arrazoia ematen diela, Mozgovoik bai Vladimir Lenin zuzendari komunista zein Ukraina Ekialdeko Nestor Makhno buruzagi anarkista, biak miresten bait ditu. Hala ere, horrek ezin gaitu ezker folklorikoko pertsonai baten aurrean gaudela pentsarazi, praxiarekiko oso arretatsua bait da: Ukrainako Alderdi Komunista ere bere kritiken jomugan dago, “sozialismoaren norabidean ezer ere egiteko gai izan ez delako”.

Mozgovoiren posizioak antioligarkikoak dira erabat. Bere ustez komandante guztiak ados daude Ukrainaren arazo handienak pobrezia, ustelkeria eta oligarkia direla esatean, baina ideologikoki bera nabarmentzen da; beste komandante errebeldeek Errusiarekiko aliantza osatuz oligarkia bat bestearengandik aldatzear ibiliko ote diren inguruan bere kezka azalduz. Bere arabera, Ukrainako zein Errusiako gobernuak biak ari dira herriaren benetako boterearen aurka. Novorossija Estatua halako botere herrikoi bat ezartzeko aukera bezala ikusten du.

Agian oligarkiaren aurkako posizio horiek –eta elkarrizketarako joera- izan dira beste paper berri bat jokatzeko aukera eman diotenak: bakegile moduan azaldu izan zaigu matxino errusiarzaleen aurka “operazio antiterroristan” borrokan ari diren Kieven aldeko boluntarioen batailoiekin hitz egiten. Halako elkarrizketa batean Mozgovoik zioen gataka aise konponduko litzatekeela bi aldeek “Kieveko legebiltzarra eta gobernua zikinkeriaz garbitzen” bat egingo balute. Halako proposamenak ukrainarzale batzuen artean ez dira gaizki hartuak izanen, hauen artean ere Petro Poroxenko lehendakari oligarkaren aurka hitz egiten duenik badago eta.

Oleg Izmailoven iritziaren arabera, “Mozgovoirengan iraultza soziala iraultza nazionala baino garrantzitsuagoa da”. Bere pertsonaren inguruko laburpen ona izan daiteke hori. Mugimendu matxino osoaren inguruan esango al daiteke halakorik? Gerokoan ikusiko dugu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s