Stevan Milošević: “Ez dugu utziko nazismoa Europan zehar hedatzerik” (Ibai Trebiñoren elkarrizketa)

Ibai Trebiño

Stevan Milošević serbiar borrokalaria

NATOk Kosovon inbasio militarra burutu zuenean ehunka izan ziren bertara joandako errusiar boluntarioak. “Anai-arreba serbiarrak defendatzera etorri ziren errusiarrak Kosovora” dio Stevan Milošević gazte serbiarrak. Kosovon ez ezik, Bosniako gudan ere errusiar boluntario ugari izan ziren Jugoslaviaren alde borrokan, tartean Igor Strelkov, Novorossijako komandanterik inportanteenetakoa.

Faborea itzultzeko asmoarekin, Krimeako krisia hasi zenetik ehunka dira errusiar anai-arreben defentsan Ukrainara etorritako boluntario serbiarrak. Errusiarren eta serbiarren arteko adiskidetasun historikoa, kulturala eta erlijiosoa aski ezaguna da eta egun Donbassen dauden nazioarteko boluntario kopururik handiena ordezkatzen dute serbiarrek.

Zer dela eta etorri zarete Serbiarrak Novorossijako gudara?

Serbiarrak eta errusiarrak anai-arrebak gara eta horregatik gaude hemen. Nazismoaren eta faxismoaren aurka borrokatzera etorri gara Novorossijara, Ukrainako errusiarren askatasunaren alde borrokatzera.

Zeintzuk dira zuen helburuak guda honetan?

Gure helburua gure anai-arreba eslaviarrak faxismoarengandik askatzea da.

Errusia eta Ukrainaren arteko guda bat dela uste duzu?

Zaila da hau baieztatzea, gudaren hasieran baino ez gaude. Baina esan bezala, gu hona faxismoari eta NATOren inperialismoari gerra egitera etorri gara; NATO erakunde satanikoa da eta sarraski ugari egin ditu munduan zehar. Donbassen jendeak dena galdu du. Ez dago dirurik, ez dago janaririk ere, bizimodu gogorra dabil pairatzen hemengo populazioa. Gu, serbiarrok, jende hori defendatzera etorri gara.

Nola baloratzen duzu Europar Batasuna gatazka honetan izaten ari den papera?

Europar Batasunaren papera NATO eta AEB laguntzea da, bere morroia izatea. NATO Europar Batasunak, Estatu Batuek zein Vatikanok sostengatzen duten erakunde satanikoa eta maltzurra da. Horrexegatik guk, serbiarrok, ez dugu nahi Europar Batasunaren parte izan, libre izan nahi dugu.

Kanpotik etorritako boluntarioak nazioarteko brigadak osatzeko deialdia luzatzen ari zarete. Zergatik uste duzu dela garrantzitsua Europar Batasuneko jendea faxismoaren borroka honetan parte hartzea?

Oso inportantea da Novorossijara borrokara etortzea, faxismoa eta NATO txikitu behar ditugu eta. Jendea orain ez bada itzartzen Hitlerrekin II mundu gerran eduki genuen arazo berdina edukiko dugu; Hitler eta naziak Berlinen hasi eta Europa osora hedatu ziren, Novorossijan ez diegu berdina egiten utziko. Bestalde, aipatu beharra daukat gure unitatea ez dagoela hemen diruan truke, boluntarioak gara eta askatasunaren alde borrokatzen dugu.

Guda hau NATOk Errusia isolatzeko eta menderatzeko aurrerapauso bat baino ez dela uste al duzu?

Bai noski, Errusia isolatzeko eta munduko herriak menderatzeko pauso bat baino ez da. Gu hemen borrokan gauden arren, norberak -NATOren aurkako- borroka bere herrialdean hasi behar du.

Orain dela 30 urte NATOn sartzeko erreferenduma burutu zen Euskal Herrian adibidez, eta erantzuna ezezkoa izan arren, NATOren parte izatera derrigortu gintuzten. Zein da zure iritzia inposizio hauen inguruan?

Serbiako jendearen arazo berdina duzue Euskal Herrian. Serbian %90ak ez du nahi EBren zein NATOren parte izan, baino politikariek gure herria estruktura inperialista honen parte izatera derrigortu nahi dute. Orain dela 15 urte NATOk Jugoslavia bonbardatu zuen, zibil asko erailaz. Dena suntsitu zuten eta egun umeek gaixotasun larriak pairatzen dituzte orduko bonba ilegalen erabileraren ondorioz. Jendeak ez du nahi NATOren parte izan.

Orokorrean mundu osoan dago inposaketaren arazo hau, Euskal Herrian, Espainian edo Serbian. Adibidez britainiarrek ez dute nahi EBren parte izan nahi. Baina banatzekotan Europar Batasunaren amaiera izango litzateke eta beldur hau dela eta, indar inperialistek ez daude hau onartzeko prest.

Serbiarrentzat Europar Batasuna inposaketa hutsa da. Nere kasuan argi dut, Europar Batasuneko bandera nire bota zikinak garbitzeko erabiltzen dut eta.

Nazioarteko komunitatearen arabera Kosovok Estatu independente bihurtzeko eskubidea du, baino ez Novorossijak, adibidez. Zer diozu moral bikoitz horren inguruan?

Jugoslavia ekonomikoki herrialde indartsua zen eta gainera Balkanen posizio geoestrategikoa nabarmendu behar da. Hori da interbentzio hori gauzatzearen arrazoi bakarra, Jugoslavia zatitzea eta menperatzea. Europar Batasunak eta NATOk Jugoslavia zatitu zuten herrialde txikiago batzuk kontrolatu ahal izateko. Halere, guda hau orain dela 500 urte hasi zuen Vatikanok, jende ortodoxoa hiltzeko helburuarekin. Kosovon eta Bosnian ere ortodoxo asko akabatu dituzte NATOren laguntzarekin. Kosovo eta Metohijak “gure lurraldea” esan nahi du serbieraz, eta gure kultura eta nazioaren sustraiak bertan daude. Muturreko musulman eta albaniarrak finantzatu eta erabili izan dituzte mendebaldeko potentziek gu serbiarrok eta beste etnia batzuk bertatik kanporatzeko. Orokorrean, herrialde bakoitzaren barnean dauden ustezko arazo nazionalak baliatzen dituzte inperialistek herrialde subiranoak txikitzeko.

Novorossijaren kasuan argi dago ez dutela herrialde independente bat onartu behar, Errusia handi bat edo Sobietar Batasun berri baten beldur direlako. Errusia egun herrialde indartsua da eta baliabide asko dauzka. AEB ordea, krisi sakon batean dago eta Errusia hegemonia ekonomikoa bereganatzen ari da. Serbiarroi bezala, Errusiarrei ere gerra egingo dio NATOk.

Uste duzu kolorezko iraultza gehiago izango direla Sobietar Batasun ohiko eta munduko beste txoko batzutan?

Serbian 2000an halako bat izan zen Miloševićen kontra, gerran ostean. Baina benetako herri-iraultza heltzear dagoela esango nuke. Jendeak altxatu eta gobernuen aurka borrokatu behar du.

Oso kuriosoa bada ere, zuen unitate militarrean ideologi ezberdinek bat egiten dute amankomuneko etsai bati aurre egiteko. Zergatik uste duzu ematen dela halako batasun bat?

Bai, amakomuna den etsai bati aurre egiten diogu hemen. Batasun hori Nikola Perović komandanteari esker da, berak argi du batasun hori beharrezkoa dela. Nazio, ideologia eta erlijio ezberdinetako jendea gaude hemen borrokan, bandera berdinaren defentsan; Katolikoak, ortodoxoak, musulmanak, espainiarrak, serbiarrak, sozialistak, demokratak, eta abar. Niri pertsonalki ideia ona iruditzen zait eta oso pozik nago, mundu libre baten alde eta jendea askatzeko borrokatzen baitugu.
Militarki lortu dugun eraginkortasuna da honen adibide. Arlo militarra ideologiaren gainetik jartzen dugu. Azaroaren 1ean ukrainarren kuartel bat lehertarazi genuen, Debaltsevotik gertu. Gure unitateak entrenamendu bikaina du, unitate gogorra da, eta horri esker operazio militar duinak burutzea lortu dugu.

Gure borroka hemen hasi bada ere, munduko txoko guztietara joango gara amerikar inperialismoa garaitzera. Gure unitateari etorkizun arrakastatsua opa diot.

Halere, unitate honetan ez duzue eduki hildakorik oraindik. Ezbehar bat izan ezkero, zaila izango da aurrerantzean borroka aurrera eramatea. Kontzienteak zarete?

Orain arte, zorionez, ez dugu ezbeharrik izan. Hau gertatzekotan zaila izango da noski, ez izan dudarik. Hemen denak anaiak gara, konexio ona dago. Bizitza galtzekotan denok galduko dugu edo inork ez du galduko, batera goaz operazioetara eta batera bueltatu edo akabatu egingo gaituzte.

Zelan amaituko da gerra hau?

Lehenik eta behin, mundu osoari hona borrokan etortzeko deialdia zabaldu nahiko nien. Zuen borrokari esker Novorossija librea izango baita eta nahi ezkero Errusiaren barruan Estatu bat sortzeko aukera edukiko du. Eta gudari dagokionez, irabaziko dugu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s