Karguekin aske utzi dituzte Ukrainako gatazkan parte hartzeagatik atzo atxilotutakoak

Iruñean gazte bat atxilotu zuten, eta Espainian zein Katalunian beste zortzi lagun. Gerran parte hartzeagatik terrorismoa egitea egotzi diete.

2015-02-28 / Joxerra Senar (Berria)

Ukrainako gerran errusiarzaleen alboan izan diren zortzi boluntario atxilotu zituen atzo Espainiako Poliziak. Tartean dago euskal herritar bat. Santiago Pedraz buru duen Auzitegi Nazionaleko Lehen Instrukzio epaitegiak koordinatu du operazioa. Iruñeko Arrosadia auzoan gazte bat atxilotu zuten, Blas Laserna kalean. Beste atxilotu bat Katalunian, Bartzelonan, atzeman zuten, eta gainerako seiak Espainian—Madrilen bi, Alcorconen bat, Gijonen bat, Cartagenan bat eta Caceresen bat—. Poliziek diote sare sozialak aztertuz atxilotuen aurkako zantzuak bildu dituztela. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Ukrainako gatazka armatuan parte hartzea eta «Espainiaren neutraltasuna» urratzea egotzi diete.Europa osotik hainbat lagun joan ziren dira Ukrainiara boluntario, eta Espainiako Gobernuak nabarmendu du atzoko dela «Europan atzerriko borrokalarien aurka egindako lehen polizia operazioa». Uneotan Ukraina ekialdean, Donetskeko eta Luhanskeko eskualdeetan, bizi den gatazka Ukrainako Armadaren eta bi eskualde horietako matxino errusiarzaleen artekoa da. Iaz Viktor Janukovitx presidentea kargutik kentzean hasi zuten matxinada errusiarzaleek. Euren atzean Errusia dagoela salatu du Mendebaldeak baina Errusiak ukatu egiten du halakorik. Ukrainako bandoan, berriz, talde paramilitar neonaziak ere badira.

Panorama konplexu hori ikusirik, Espainiako Barne Ministerioak honako hau leporatzen die atxilotuei: «Atxilotuek parte hartu duten gatazkan ehunka zibil hil dira, gehienak ukrainarrak. Eta ekintza horietako batzuk terroristatzat jo dituzte bertako agintariek». Hain justu ere, hildako gehienak gatazka eremuan dira, Donetsk eta Luhansk eskualdeetan, errusiarzaleen lurraldean, alegia. Barne Ministerioaren arabera, atxilotuen parte-hartzea delitu izan daiteke, «Estatuaren bake eta independentzia auzitan jarri dutelako eta nazioartearen aurrean Espainiak hartutako neutraltasuna urratu dutelako». Zigor Kodeari erreferentzia eginez, lau eta hamabost urte arteko espetxe zigorraren aukera aipatu dute.

Ministerioak gaineratu duenez, atxilotuek iazko udan bidaiatu zuten Ukrainara, eta gehienak abenduan eta urtarrilean itzuli ziren. Sare sozialetan, uniformeak eta armak erakustea eta «bortxa erabiltzen duten indar separatisten borroka armatuaren alde agertzea» egozten die. Ustez, atxilotu gehienak Carlos Palomino Nazioarteko Brigada barruan izan ziren. Izen hori 2007an neonazi batek Madrilen hildako gaztearen izena hartzen du.

Iruñeko atxilotua

Polizien arabera, Iruñean atxilotutako gaztea urriaren 19an izenik eman gabe Diario de Noticias egunkariari elkarrizketa eskaini ziona da. Elkarrizketa horretan, bere nortasuna ezkutatzen zuen gazteak Iruñean lana utzita, Vostok (Ekialdea) eta Prizrak (Mamua) batailoietan borroka egin zuen. Elkarrizketatuak adierazi zuen «erabaki pertsonala» izan zela, eta Kieveko gobernu «faxistari» laguntza ematea leporatzen zion Espainiako Gobernuari. «Etxetik ezin nuen ezer egin. Aukera bakarra zen armak hartu eta Ukrainari aurre egitea».

Berria.eus

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s