ERABAKITZEKO ESKUBIDEA, EGURALDIAREN ARABERA

Lander Aranberri

(Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitea)

kat novHauteskundeak izan dira Belgikan. Alderdi frankofono nazionalistak irabazi ditu testuinguru oso zail batean, eta egoera irauli da. Izan ere, hilabete batzuk lehenago, flandriar moderatuek irabazitako hauteskundeak, Estatu-kolpe baten bidez deuseztuak izan dira. Egindako hauteskunde berri hauetan, ez Brujasen, ez eta Anberesen ere ezin izan da botorik eman. Gobernu kolpistaren kontroletik at dira. Separatistatzat eta “pro-Holanda” harturik, gobernua hiri hauetan sarraskiak burutzen ari da. Alderdi frankofono nazionalistak, hauteskundeen aurretiko Estatu-kolpearen legitimitate demokratiko ikaragarriarekin, Beneluxetik atera eta Frantziarekin batasun ekonomiko-politiko bat egiteko itun bat sinatu du, flamenkoaren antza izan dezakeen dena baztertuz. Gobernutik, bizimolde frankofonoa eta herrialdearen izaera frantsesa goratzen hasi dira, Belgikaren independentziarekin arrazoituz. Honen aurka, Flandriako Aliantza Berria alderdi kontserbadore eta independentista flandriarrak, Flandriaren independentzia aldarrikatu, eta Beneluxen berriz sartzeko saiakeretan hasi da. Brujas eta Anberes, Aliantza Berriak kontrolaturik, independenteak dira, baina atzerriko aintzatespenik gabe. Herbehereek laguntza erlatiboa ematen diete: hau da, laguntza militarrik eman ez arren (humanitarioa bai, noski), atzerritik iristen diren laguntzak pasatzen uzten ditu. Frantziak, berriz, askoz ere jarrera aktiboagoa du. Inongo disimulurik gabe, Belgikaren batasuna eta bere Frantziaren herrialde “aliatu” bihurtzeko erabakia babesten du. Alderdi flamenko ultraeskuindarrak, zati txiki batean independentistekin kolaborazioan izan arren, belgikar nazionalista frankofonoekin askoz gertuago kokatuko dira, Parisko neonazi taldeekin dituzten harremanak direla eta.

Flandriarren posizioa legitimoa eta borrokan solidario izateko modukoa dela aitortuko nuke, noski, kasu hau gertatuko balitz. Berez, kasu fikziozkoa da goian adierazitakoa, baina beste kasu baterako oso baliagarria izan zitekeela eta, planteamendua egin nahi izan dut. Eta artikuluaren muinera bidaiatuz, galdera txiki bat egin nahi nuke: zein da Flandriaren erabakitzeko eskubidearen egikaritzean, eta Novorrosijaren erabakitzeko eskubidearen egikaritzean dagoen aldea? Erabakitzeko eskubidean ez dakit, baina lidergoan dauden alderdietan, bat behintzat bai: Flandriar independentistak Poloniako Kaczyinskiren eta Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen aliatu direla, novorossijarrak faxismoaren aurkari eta herentzia sobietarraren oinordeko diren bitartean. Badakit Euskal Herriak ez duela inoiz, zabalki, Sobietar Batasunarengatiko sinpatia masiborik izan, hirugarren munduarekiko izan baitu gertutasuna sakonkiago (Palestina, Sahara, Kuba, Nikaragua, Aljeria hasierako pausoetan…). Baina bloke arteko eztabaida hura bukatu zen; bi aukera besterik ez zaizkigu geratzen, jadanik: Inperioaren alde ala Inperioaren aurkako jarrera izan (estatubatuarra, noski).

Horregatik ezin dut ulertu Europako ezker “iraultzailearen” zati batek duen eslaviar itxura duen guzti horrenganako fobia hori. Baita ere Putin jaunaren mamua, bazter guztietan ikusteko ikusmen izugarri hori. Putin kapitalista eskuindarra izango da, gatazka honetan, bere jarrera oso garbia delarik: Ukraina bateratu bat nahi du, Errusiarengandik gertuago sentitzen diren Novorossijako hiritarrak bertan direlarik, eta bertako agintaritza oligarkikoak Errusiaren aliatu izateko erabakia hartzea erabakiko duelarik. Noski; hau ezin dugu Errusiaren inperialismo gordin moduan erabili. Bi herrialdeen arteko lotura, geografikoki edo energetikoki, adibidez, oso gertukoa da (gas errusiar eta ikatz ukrainarraren lotura, adibidez), eta beraz, Ukrainak izan dezakeen independentzia maila handienerako aukera onena, auzokideari gerturatzen zaionekoa da (Espainia Frantziaren aliatu izatea bezalaxe, AEBrena izan beharrean). Kutxmak edo Janukovitxek planteatuko luketen Ukrainari buruz ari naiz. Baina herrialde hori, dagoeneko ez da existitzen. Kharkoven ala Odessan, parte-hartze irrigarri baten bidez aukeratu dituzte Poroxenko eta enparauak. Betiko Ukraina, Kieveko Rus zelakotik hasitako ekialdeko eslaviarren historia komun horren ondorengo zena, desagerrarazi egin dute, azken urtebetean. Bukatzeko, Putin aipatu dudala eta, koherentzia pittin bat eskatu nahiko nuke, gogoeta pertsonal baterako galdera bat luzatuz. Vladimir jauna hain gaizto eta gupidarik gabekoa bada, zergatik dira Putinekin aliantzak bilatzearen aldeko Maduro, Correa, Tsipras, Pablo Iglesias edota beste hainbat agintari progresista eta demokratiko?

Donetskera jauzi egin nahiko nuke. Errusiar zaletasunaren (“prorruso” famatua) atzean, Ukrainaren agintaritza nazionalista monolitikoaren aurkako erantzuna ezkutatzen da. Errusia inperioaren fobiaren aurrean, Estatuko herritarren ia erdiak hitz egiten duen hizkuntza debekatzen ari denean, errusiar zaletasunaz ari gara bakarrik? Herrialdearen mendebaldeko zati nazionalistaren errusiar fobiatik askoz ere gehiago duela esango nuke. Hainbesteko fobia, non Auschwitzen askatzearen lorpena ere lapurtu nahi dioten. Eta ez hori bakarrik; sozialismo errealean 80 urtez bizi izan den herrialde bateko hiritar xumeek, nolatan onartuko dute oligarkia ustel eta ahalguztidunaren agintea? Honez gain, gauza bat gehituko nioke ideia progresistadunen perfekzio mendebaldarraren ipuin zale jakintsuei. Faxista errusiarren ipuina, ere, amaitu zaizue. Ez duzue Lentarik ikusiko aurrerantzean. Faxistek, mozorroa eranzten duten unean, jai dute Novorossijan. Beste ipuinen bat asmatzeko garaia da. Zorte on, beraz.

Ez gara sobietar garaietako kontu nostalgikoez ari. Demokraziaz eta erabakitzeko eskubideaz ari gara hizketan. Are gehiago, gizarte justuago eta solidarioago bat bilatzen duen herri langile bati buruz ari garenean. Izan gaitezen koherente. Ez Eskozian ala Katalunian bakarrik. Erabakitzeko eskubidea, toki guztietan defenditu beharko da, ezta? Zergatik Flandrian bai eta Novorossijan ez? Zergatik honelako isiltasuna? Zergatik mendebaldeko gizarte kapitalista eta militarista honekiko hainbeste gertutasun? Zer zerikusi du honek borroka armatuaren amaierarekin? Sasi-iraultzaile guzti hauei egin nahi diet dei. Ez gaituzue engainatuko. Erabakitzeko eskubidea, serioski eta anbiguotasunik gabe defendatu beharreko jarrera demokratikoa da; ez eguraldiaren araberakoa, goian esan bezala. Segi flandriar ultraeskuinarekin, edota Sobietar ingurutik atera bai, baina NATOri herrialdea saldu dioten herrialde eskuindar eta militarista horiek omentzen dituzten “Independentzia Egunak” antolatzera (teorian antinperialistak diren taldeetatik, gainera). Nik, behintzat, nahiago dut demokrazia –demos (herria), krazia (agintea)- defendatzen dutenekin gelditu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s