Sergio Becerra: “Ukrainako batailoi naziei armak ematen dizkieten gobernuak dira terroristak”

Ibai Trebiño

Santiago Pedraz epailearen aginduz ostiralean egin zen polizia-operazioan zortzi gazte atxilotu zituzten “terrorismo” delitua egotzita, Murtzia, Asturies, Katalunia, Nafarroa, Extremadura eta Madrilen. Zortziak egun berean libre utzi zizuten. Horietako bat Sergio Becerra madrildarra da. Telefonozh hitz egin dugu berarekin operazioaren inguruko nondik-norakoak ezagutzeko asmoz.

Nolakoa izan da atxiloketa?

Ostiral goizean atxilotu naute etxean, 6.30ak inguruan. Kaputxadun poliziak etxera etorri eta arma eskutan atxilotuta eraman naute. “Terroristekin borrokatzeagatik” atxilo nagoela esan didate. Harrituta geratu naiz. Madrilen ez da oso ohikoa atxiloketa batean kaputxadun poliziak ikustea.

Komisaldegira eraman eta han egon ondoren nire etxea miatu dute, telefonoa eta bestelako gauzak eraman dituzte. Komisaldegira itzuli eta arratsalde partean kargupean askatu naute. Oraingoz ez dituzte atxilotu guztien kontrako inolako neurri berezirik ezarri.

Nolakoa izan da tratua polizia-etxean?

Inkomunikatuta egon gara. Gure senideei gurekin hitz egiten utzi ez dieten arren, tratua zuzena eta egokia izan da.

Zer leporatzen dizuete zehatz-mehatz?

Lehergailuak eta armak edukitzea, erailketa, “Espainiako Erresumaren interesen aurkako” borroka armatu batean parte hartzea, Espainiaren neutraltasuna urratzea eta terrorismoa. Denak, leporatzen dizkiguten karguak faltsuak dira.

Donbasseko gerran egon zinelako terroristatzat jo zaituzte.

Gu ez gara terroristak. Biztanleria zibila defendatzera joan ginen Donbassera eta harro gaude.  Ukrainako naziak armatzen eta sostengatzen dituztenak dira terroristak, Espainia alegia. Armak eskutan gure etxeetara etorri direnak dira terroristak. Espainiaren neutraltasuna urratu dugula diote. Ikaragarria da. Neutraltasun hori haiek urratu dute gu baino lehenago, NATO sostengatuz eta Ukrainako batailoi naziak finantzatuz.

Atxiloketen irudien artean, harrigarria egin zait gaurko operazioan atzemandako pistola baten irudia. Armak gordetzen al zenituzten etxean?

Ezin izan dut telebista ikusi, baino harrituta utzi nauzu. Nik ez daukat pistolarik etxean eta ez dut uste inork edukiko zuenik. Ez dugu inolako armarik ekarri Donbassetik, astakeria eta montaje hutsa da. Espainiako komunikabideek eduki duten jarrera oso tristea dela esan dit lagun batek. Nire kasuan, nire lanpostua zein den argitaratu du El Pais egunkariak. Ez genuen hori merezi, gure intimitatea ez da errespetatua izan.

Operazio honek elkartasun internazionalista kriminalizatzea helburu duela uste duzu?

Bai duda barik, baina guk internazionalismoaren bidetik lanean jarraituko dugu. Donbasseko herriak inoiz baino gehiago behar du gure laguntza.

argia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s