Inurriak bezala Devaltsebon

Andoni Lubaki
Errauts usaina dago. Egur kearena ere bai. Devaltsebora sartzea San Joan su baten ondoren itzalitako errautsen gainean ibiltzea bezala da, baina festa girorik gabe. Jende ilarak arropa, janaria eta edateko uraren eskean.

Donbasseko gobernuak irekitako bulego baten aurrean Ekhaterinak dena galdu duela esan dit. Bera ere jantzi eta ahora eramateko zer edo zeren bila dabil. Agintari militarrek lokatzetara itsatsi dituzten kanpin denda moduko batean bizi da bere 5 senideekin. “Senarra bonbardaketa batean hil zen eta orain alaba zaharrena eta bere familiarekin nago. Umeentzako arropa bila nabil, hoztu ez daitezen. Hotzak berriro itzuliko baitira” dio amandre zurbil honek. Su-etena sinatu ondoren errusiar-zale eta Ukrainiako soldaduek borroka areagotu zuten Devaltsebon. Hiri estrategikoa baita bere lantegi eta tren geltoki handiarengatik. Eremua kontrolatzen duenak herri bat baino gehiago irabaziko duela bazekiten eta bi aldeek hiriko zenbait toki bonbardatu zituzten. Urteetan eraikitako etxeak deuseztatu ziren. “Ukrainarrak ez dabiltza hemendik urruti, beraiek itzultzeko beldur gara. Jende askok ez du aurpegia erakutsi nahi itzulera horren beldurrez. Auskalo zer egingo luketen hori horrela gertatuko balitz” dio Tatianak. 33 urte ditu eta 2 seme-alaba dauzka. Senarra frontean omen du, “Kosakoekin ari da borrokan, baina bera ez da kosakoa. Devaltseboko gatazka hasi zenean kanpoan zegoen eta sartzerik ez zuen izan. Horregatik egon zen kosakoekin, gu berreskuratu nahi gintuen, bere familia” dio irribarrez.

Estatistika zehatzik ez dago. Agintariek ez dute biztanleen zenbatek ihes egin zuten jakiterik izan. Ez dakite zehatz zenbat hil diren, ezta zenbatek behar duten zer ere. “Hiria eskuratu berri dugu eta ukrainarrek mina asko jarri dituzte inguruan. Jende xumearen etxeetan gehienak. Bueltatzen direnak beldur dira. Atzo agure bat hil zen Devaltsebo inguruan dagoen herrixka batean. Komuna deitzen diogu herri horri, bertan produzitutako guztia era komunalean banatzen baitzen. Orain kosakoak daude bertan. Etxeak banan-banan arakatzen dituzte minen bila” dio Ilyanak, 68 urteko emakumeak. Bera Komuna deituriko herri inguruan dagoen auzune batekoa da eta beldurragatik ez omen da itzuli. “Etxea erreta dago. Grad misil batek eztanda egin zuen teilatuan eta hiri erdian dagoen zulo batean babestu nintzen. Bertara joateko ere gorriak ikusi nituen. Bi bandoetako soldaduak zeuden eta ikaratuta geunden ea gu tirokatuko gintuzten. Inguruko bizilagunekin egin nuen ihes. Izugarria izan zen” gehitu du Ilyanak.

Komuna deituriko herria, Devaltsebotik 5 kilometrora dago. Ez da inor bizi. Ez behintzat lurra landu eta animaliak zaintzen zituen inor. Frontea da herria. Etxe gehienek ez dute teilaturik, gutxi dira erreta ez daudenak. Kosakoak daude fronte honetan, Devaltsebo eta inguruko eremua ondo zaindu bailiteke hemendik. John kosakoa da, baina kapela afganiar bat du buruan. “Lagun afganiar komunista batek eman zidan Amerikako Estatu Batuetako kartzelan nengoela. Bost urte igaro nituen bertan bizi eta lan egiteko paperik gabe harrapatu baininduten. Bueltan ez nekien nora joan. Nire familia handik hona mugitu zen beti eta ni kartzelan nengoela gurasoak eta bi anaia hil ziren. Horren berri ziegatik irtetean izan nuen. Ez zidaten bisitarik ez komunikaziorik izaten utzi. Kexatu nintzen baina amerikarrekin alferrik da” dio Johnek ukrainar armadari harrapatutako tanke batean deskantsu hartzen duen bitartean.

Frontera eraman nau. Ukrainarrak omen zeuden bertan eta alde egitean atzean utzi zituzten hainbat tanke, arma eta bonba. Lur azpiko gotorleku bat erakutsi dit. Devaltsebo 5 stars jartzen du sarrerako zuloan. Barruan halere ez dago batere luxurik. Lokatza eta zikinkeriak pilatzen ari dira. “Ez dugu zulo hau erabiltzen. Ez dakit zertarako egin zuten horrelakorik hemen. Gerra hau artilleria gerra bat izaten ari da. Frankotiratzaileak gutxi eta aurrez aurre ez diogu batak besteari eraso egin aspaldian” dio Johnek. Patxadaz ukrainarrei ostutako armak erakusten jarraitzen du. Birrindutako lubakiak eta lehertu ez diren Grad misilak. Zulo horietako batetik neskatila bat irteten ikusi dut. “Jendea gosez dago eta lubakietan jan bila ari dira. Herritarrei ez zaie behar adina laguntza iristen. Guk, gure eguneko otordu bat kendu dugu inguruko behartsuei emateko. Ez da nahikoa eta laguntza eske gabiltza. Donetsk-etik ekartzen dute zerbait baina ezer gutxi” esan dit Johnek. Telefonoa eman dit eta kosakoek ohi duten bezala bere etxera gonbidatu nau: “Zuk dei nazazu, eta nik etxerik edo dudanean etorri zaitez niregana” dio Johnek. Elkarri agur egin diogu.

Devaltsebora itzuli eta argi-generadore zarata dago. Sakelako telefonoak kargatzen ari da jendea kalean. “Bihar agian telefono zerbitzua berriro martxan egongo dela esan dute. Jendeak bere senitartekoei deitu nahi die. Ez dute beraien berririk izan aspaldian” esan du Costak. 34 urteko gazte honek inguruko lantegi batean lan egiten zuen. “Ukrainarrak sartu bezain pronto lantegiak okupatu zituzten. Gerrarako beharrezko zena mantendu eta esklaboak bagina bezala lanean jarri gintuzten. Gau eta egun ia deskantsurik gabe. Beste lantegiak erre egin zituzten. Bazekiten ondo zantar horiek zer min egingo zioten hiriari jendea lanik gabe uzten bazuten. Orain ez dago ezertan lan egiterik. Laguntza soilaz bizi gara” esan dit haserre.

Ukrainarrak bueltatuko ote diren beldurrez dago jende asko. Ez dute galderarik erantzun nahi ezta argazkietan agertzerik ere. Piotr, Donbasseko gobernuak bidali duen teknikari bat da. Ez du bere aurpegia erakutsi nahi “familiaren zati handi bat Ukrainan baitago oraindik”, esan dit. Gaur egungo egoeraz galdetuta zera erantzun dit: “Jendea desanimatua dago. Hiri honetan jendeak lan asko egiten zuen eta apenas zegoen langabeziarik. Orain dena galdu eta ez dute etorkizunerako ezer hoberik ikusten. Guk, berreraikuntza planak hasi ditugu boluntarioekin. Ospitalea konpondu eta etxeak minez garbitzen ditugu, pixkanaka jendea bere ortuetara eta sukaldera itzuli dadin. Suntsipena handia da baina inurritxoak bezala gabiltza pixkana”.

argia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s