Krimeara, bizitza berri baten bila

Ibai Trebiño (Berria)
2015-IV-3
Moskurekin batera, Itsaso Beltzeko penintsulak hartu du Ukrainako errefuxiatu gehien
Kharkov hiritik ihes egin zuen Jurik Krimeara. Ekialdean dago, eta Kieven ondoren, Ukrainako hiri handiena da.

Kharkov hiritik ihes egin zuen Jurik Krimeara. Ekialdean dago, eta Kieven ondoren, Ukrainako hiri handiena da. MIKEL ARREGI

Maidaneko gertakarien osteko Ukrainatik ihesean, Errusia babesleku bilakatu da ukrainar askorentzat. Herrialdearen ekialdeko gatazkak eragindako errefuxiatu uholdeak gainezka egin du; eta Donbassetik gehienek Don eskualdera ihes egin badute ere, badaude Ukrainatik bestelako errusiar lurraldeetarako bidea hartu dutenak ere. Guztira, NBEren datuen arabera, milioi bat iheslari inguru eragin ditu Ukrainako gatazkak. Badaude bestelako kasuak ere, arrazoi ekonomikoak edo politikoak direla eta, errefuxiatu estatusa eskatu gabe migrazioari ekin diotenak.Joan den urtarrilean, esate baterako, 40.000 pertsonak baino gehiagok eskatu zuten Errusian errefuxiatu estatusa, Ukrainak derrigorrezko soldaduska ezarri ostean. Horietariko bat da Sergei, Sebastopolgo portuan gerturatu den Zaporizhiako 20 urteko gaztea. Bertan dago Juri ere, Ukrainatik ihesean Krimeara heldu zen 30 urteko gaztea. Hasierako lotsak gaindituta, errusieraz mintzo da. Joan den urteko apirilean, Kharkov jaioterria utzi, eta «Ukrainako erregimenetik» ihesi heldu zen Krimeara. Ia urtebete geroago, bizitza berri bat darama.

Krimea errusiarrak urtebete bete berri duenean, Ukrainatik ihesean joandako errefuxiatu jarioa handia da, eta Ukrainan bizi diren errusiar etnikoentzat Krimeak hautatutako bidea eredu bilakatu da. «Nire bizitza utzi eta Krimeara etortzea erabaki nuen», dio ilehori garaiak, irribarrez, itsasoari begira: «Leku polita da Sebastopol; oso gustura nago hemen».

Ukraina berrian, lekuz kanpo

Jaioterria uzteak zapore gazia utzi badio ere, bizitza berriari ekin dio Krimean. «Ukraina berrian gauzatu ezin ditudan proiektu profesionalak martxan jartzen hasia naiz Krimean. Bizitza berri bat hasi dut hemen».

Jurik ingeniaritza ikasi zuen Ukrainan, eta enpresa bat sortzen ari zen Kharkovetik ihes egitea erabaki zuenean —Kieven ondotik, hiri handiena da—. Maidaneko gertakarien ostean, bere burua lekuz kanpo ikusten zuen bere hirian.

Errefuxiatu estatusa onartzea ez zaio axola Juriri. Bere burua ez du ezkutatzen. «Ukraina berrian ez daukat nire lana egiterik. Herrialdea ekonomikoki hondoratuta dago Maidanekoaren ostean, eta, besteak beste, horregatik erabaki nuen alde egitea». Krimean lana topatu du, eta Sebastopol inguruan bizi da, gurasoekin: «Krimeara gurasoekin batera etorri nintzen, haiek ere Ukraina berria utzi eta leku ziur batera bizitzen etortzea erabaki baitzuten».

Familiak Juriren bide bera hartzea erabaki zuen, beraz. «Egoera ekonomikoak txarrera egin zuen nabarmen, eta, kaleak faxistaz betetzen hasi zirenean, handik alde egitea erabaki zuten beraiek ere».

Ukrainatik hanka egin, eta bizitza berri bati ekin zion orduan familia osoak. Orain, Sebastopol inguruan etxe bat erosi dute, eta hura berritzen ari dira. «Geneukan gehiena galdu eta denok bizitza berri bat hastera kondenatuta bagaude ere, familia oso pozik dago Krimean», dio Jurik. «Gure egoera gogorra da, baina gustura gaude. Etxe berria erosi, eta berreraikitzen hasi gara».

Familia osoa ez da, baina, batera bizi. Juriren arreba ez zen Krimeara etorri: Kharkoven gelditzea erabaki zuen. «Maidan mugimenduko ekintzaile eta talde europazaleen parte da», gaztearen arabera. «Tamalez» berarekin harreman gutxi daukatela aitortu du Jurik. «Gure arrebak beste bide bat hautatu du», dio errespetuz.

Amona ere Kharkoven geratu da, baina haren kasua guztiz ezberdina da. Adina dela-eta ezin izan zuen Krimeara familia osoarekin etorri, eta Juri nahiko arduratuta dago. «Espero dut Kharkovera itzuli ahal izango dudala, amona infernu horretatik salbatu behar dut eta».

Politikaz hitz egiteko eragozpenik ez dauka Jurik. Ukrainako jende gehienari bezala, berari ere kezka handia eragiten dio Ukraina ekialdeko gerrak eta egoera politiko bortitzak. Ukrainaren etorkizunaren inguruan bi gauza gertatuko direla aditzera eman du Jurik. Alde batetik, Donbasseko herri miliziek laster eskualde osoa —Kharkov barne— «askatu» egingo dutela dio; eta, bestalde, Ukraina estatu gisa desagertu egingo dela uste du. «Gaur arte ezagutu dugun Ukraina desagertzear dago, Mendebaldearen esku hartzeak eraginda».

Jurik ez du etsitzen, halere. Bere asmoa noizbait Ukrainara bueltatzea da. «Bi aukera baino ez nituen: herri miliziekin borrokara joan edo handik hanka egin», dio, aurpegi esanguratsu batekin. «Nik bigarrena hautatu nuen, ekarpen handia egin dezakedalakoan bainago». Gerra amaitutakoan Donbassera bueltatu eta eskualdea berreraikitzen laguntzea da haren asmoa.

Krimean bizi diren ukrainar errefuxiatuez datu zehatzik ez badago ere, asko dira kontinentetik penintsulara etorrita direnak. Juriren kasuan, Krimeak independentzia aldarrikatu orduko erabaki zuen alde egitea. Oraingoz, Ukrainatik Krimeara heldutako errefuxiatu kopuruak arazo sozialik sortu ez badu ere, krimear batzuen kezka handia da. «Ez gaude prest errefuxiatu horiek guztiak jasotzeko», dio Sebastopolgo emakume batek. Agian Errusiako Gobernuak herrialdearen iparraldean eskaintzen duen «errefuxiatu paketea» onartu beharko luketela uste du berak. Ukrainatik alde egin duten gehienak Moskura eta Krimeara joan dira, eta penintsulako hainbat herritar hasiak dira kezka azaltzen.

Berria.eus

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s