«Erantzukizuna badudala uste dudalako ari naiz borrokan» (Russel Boney Bentley, “Texas”)

Mikel Arregi Askasibar (BERRIA)

2015-IV-16

Texas sorterria atzean utzi, eta Ukraina ekialdera matxinoekin batera borrokatzera joan zen Russel Boney Bentley. Gudu ezizen bat ere badu,Texas, eta Donetskeko aireportu ondoko Spartak posizio arriskutsuan ari da borrokan. BERRIAk gerra frontean bertan elkarrizketatu du.

AEBak iazko azaroan utzi zituen Texasek, eta, Volgograden «eroritako heroiei errespetua» adierazi ostean, Rostovera joan, eta Donetskerako bidea hartu zuen. Vostok batailoian izena eman, eta milizietan sartu zen.

Zergatik ari zara borrokan?

Ni, komunista eta antifaxista naiz. Horretan sinetsi izan dut beti, eta horrek bultzatuta etorri nintzen Donbassera. Kieven, Maidanen gertatzen ari zena ikusi nuenean, berehala ikusi nuen Amerikak zerikusia zeukala honetan guztian. Lehenago Panaman, Libian, Afganistanen, Sirian eto Iraken egin zuten gauza bera egiten ari dira. Ukrainara demokrazia askea ekarriko zutela esan, eta, horren ordez, estatu kolpe bat eman zuten. Hori egiteko, bertako talde naziei indarra eman zieten; orain hemen ikusten ari garena, horren guztiaren ondorio besterik ez da.

Donetsk eta Luhanskeko herri miliziek, Donbasseko herri erresistentziak, ukrainar gobernuan diren nazien kontra egiten du borroka. Kriminalak dira, eta norbaitek geldiarazi behar ditu. Agintean daude, jendearengan eragina duten erabakiak hartzeko eskumena dute, eta AEBentzat lan egiten dute, gainera. Estatubatuar gisa, honetan guztian erantzukizuna badudala uste dut. Horregatik nago hemen, borrokan.

Zer rol jokatzen du zure herrialdeko gobernuak Ukraina ekialdeko gatazkan?

Egiten ari direna krimena da, ez du beste izenik. Duela lau hilabete heldu nintzen hona. Lehenik, aireportuan egin nuen borroka, eta, gero, Spartak posiziora ekarri ninduten. Hemen suntsitzen den eraikin bakoitza, apurtzen den leiho bakoitza, hiltzen den pertsona bakoitza edo Errusiara ihes egin behar duen familia bakoitza AEBen erantzukizuna da. Ez baliete Kieveko naziei babesa eman, gerra hau ez zen sekula gertatuko. Ez zen jenderik hilko, ez zen etxerik suntsituko…

Hemen Donbasseko miliziano ugari daude, baita inguruko zenbait herrialdetako borrokalariak ere. Zu, berriz, AEBetatik zatoz. Zer esaten dizute burkideek borroka frontean zaudenean?

Ongi hartzen naute. Hemen beste bat gehiago naiz, eta, guztien moduan, laguntzen saiatzen naiz.

Zer asmo duzu herri milizietan, noiz arte geratuko zara?

Garaipenera arte, bukaerara arte.

Eta noiz iritsiko da garaipena?

Nire ustez, aurten Kieven jarri duten erregimen faxista erori egingo da. Donbassen gerra galtzen ari dira, eta beste aldean gerrara derrigor bidaltzen duten jendeak ez du hona etortzeko gogorik. Egoera ekonomikoa, gainera, okerrera doa nabarmen, eta ukrainar aldeko jendea haserretzen hasia da. Maidan osteko Ukraina gero eta okerrago dago, eta hemen gero eta antolatuago gaude.

Zenbat denboran diharduzu hemen, Spartak posizioan?

Egun batzuk besterik ez. Lehenago, aireportuan aritu naiz. Abenduaren 21a izan zen nire lehen borroka eguna aireportuan, eta, ordutik, benetan une gogorrak bizi izan ditut. Borroka gordinak izan dira, eta bizirik irtetea lortu dut. Artilleria eraso latzak bota zizkiguten, eta, orain su-etena indarrean dagoen arren, grad suziriak bota dizkigute Spartakera, zuek etorri baino ordu erdi lehenago. Hau oso posizio gogorra da. Lehenago ukrainarrak zeuden tokian gaude, aireportutik gertu, eta arerioari atzera eginarazi diogu azken asteetan. Baina egunero egin behar dugu tiro, eta kontran artilleria sua jasotzen dugu.

Zein izan da gudu zelaian bizi izan duzun unerik latzena?

Ohea oso deserosoa da (barrez). Bestela, dena ondo dago, kamarada onak ditut, eta jatekoa ez dago gaizki. Soldaduaren bizimodua dugu, gure biziak ez du gehiegi axola.

Berria.eus

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s