Estatu kolpe baten eta neo-kolonizazio baten kronika

uk5

Asier Blas @asierblas  / 2017ko abenduaren 10a / ARGIA Aldizkaria

Lau urte bete dira Kieven Euromaidan mobilizazio txikia hasi zela. Mobilizazio batzuek sarbide pribilegiatua dute eliteen zirkuluetara sistema hegemoniko kulturalari mesede egiten diolako edota mobilizazioan parte hartzen dutenen kapital sinbolikoa handia delako.

Pierre Bourdieuren arabera, kapital sinbolikoa pertsona banako bakoitzari atxikita dauden propietateak dira: ospea, gustu ona, autoritatea, prestigioa, erreputazioa, fama, ohorea eta abar. Guzti horiek baina, ezagututako eta errekonozitutako kapital ekonomiko eta kulturalean laburbiltzen ditu Bordieuk.

Hasierako Maidaneko partaideek bi ezaugarri zituzten. Horri esker, mobilizazioak azkar topatu zuen oihartzun mediatikoa, mobilizazio handia bilakatu arte. Mendebaldeak eta bere esanetara zegoen elite politiko ustelaren parte batek azkar ulertu zuten beraien aldeko estatu kolpe biguna emateko aukera bezala. Halere, gobernu ukrainarrak ez zuen aitzakiarik ematen plana gauzatzeko. Hor azaldu ziren 2014ko otsaila erdialdean frankotiratzaile batzuk manifestariak eta poliziak erailtzen. Espero zitekeen bezala errua eta presio mediatiko guztia Ukrainako gobernuaren lepoan erori zen. Egoera horretan, akordio bat sinatu zuten oposizioko kideek, gobernuak eta bitartekaritza lana egin zuten Europar Batasuneko (EB) herrialdeetako ordezkariek. Alferrik izan zen, hurrengo egunean oposizioak ez zuen akordioa bete eta estatu kolpea eman zuen. Barack Obamak CNN telebista katean esan zuen erregimen aldaketaren artekaritza lana egin zutela. Instant batean Mendebaldeak legitimatu zuen kolpea.

Hainbat ikerketek garbi utzi dute frankotiratzaileak oposizioko kideak zirela. 2014an horrela esan zion Urmas Paet Estoniako Kanpo harremanetarako ministroak Catherine Ashtoni, Europar Batasuneko (EB) atzerriko politika arduradunari, baina hedabideei bost axola. Orain datu berriak agertu dira. Frankotiratzaileetako batzuek adierazpenak egin dituzte Italiako telebista batek eginiko dokumental batean eta Mazedoniako telebistan azaldutako elkarrizketa sakon batean. Frankotiratzaileek esplikatu dute nola beraiek tiro egin zuten bi aldeen aurka anabasa sortzeko asmoarekin, horretarako izan ziren kontratatuak. Georgiarrak ziren, lituaniarrak baziren ere bai, eta buruzagia militar ohi estatubatuarra zen. Izenak, irudiak eta frogak asko dira, baina hedabideek ez dute ezer esan nahi, agintariek ez dute ikertu nahi, eta batez ere, Mendebaldeak ez ditu ezagutarazi nahi XXI. mendeko estatu kolpeen forma berriak; hobe jendeak pentsatzen badu kolpeak ez direla existitzen “mundu garatuak” kontrolatu nahi dituen lurraldeetan.

Bitartean, Ukrainaren neo-kolonizazio prozesua azkartu egin da: kanpoko enpresek lurrak eta lehengaiak merke erosi dituzte saldoka. Herritarrek 2013tik batez besteko soldataren %38a galdu dute (232 euro da hileko soldata), zerbitzu publikoetako tarifak 5-10 aldiz biderkatu dira, eta elikagaien eta energiaren prezioak bikoiztu edo hirukoiztu egin dira. Bestalde, Ukrainak goia jo du nazioarteko ustelkeria sailkapenetan, txoko guztietara barreiatu da biolentzia politikoa bezala. Eskuin muturreko nazionalista ukrainarrek burutzen dituzten erailketak ugaldu bezala zigor gabe gelditzen dira. Adierazpen askatasun prekarioa desagertu eta esparru pribatuan adierazitako iritziak jazartzen dira egungo erregimenean.

2014ko estatu kolpea eta gero, askatasun zibiletan Ukrainak izan duen gainbehera nabarmena da, horrela adierazi du Demokrazia eta Hauteskunde laguntzarako Nazioarteko Institutuak, europar hegemonia ideologikoa elikatzeko sortutako suediar gobernu arteko erakundeak; baina berdin dio, Ukraina dagoeneko zintzoa da filmeko bakeroen esanetara dagoelako, besteak beste Ukrainako ekialdeko sezesionisten aurkako bonbardaketak burutuz.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s